SPRIk nazioartekotutako enpresei laguntzen die beren sistema informatikoak ezarpen herrialdeetako errealitateari egokitzen

2014ko Martxoa 31,


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRIren (Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren) bidez, laguntzak ematen dizkie atzerrian kokatutako euskal enpresei jomuga herrialdeko errealitatearen arabera egokitu ditzaten beren kudeaketako sistema informatikoak.

SPRIren +digital@ programak euskal enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzen du digitalizazio proiektuak babestuz eta web tresnen erabilpena sustatuz. Programak laguntzen onuradunen artean sartu ditu atzerriko ezarpenak egin ondoren arrazoiren batengatik -jomuga herrialdeko araudiagatik, merkatuagatik, fiskalitateagatik, eta abar- sistema informatikoetan aldaketak egin behar dituzten enpresak.
Programa honen bidez enpresa txikiek edo mikro-enpresek diru laguntzak jaso ditzakete digitalizazio prozesuaren %35 finantzatzeko. ETEen kasuan, aldiz, %20ko laguntza emango da eta bi kasuetan urteko diru-laguntza ez da inolaz ere 12.000 euro baino gehiagokoa izango jarduera bat edo gehiago egiteko.

Martxoaren 17an zabaldutako +digital@ programaren deialdiak proiektu modalitate berri bat barne hartzen du, Proiektu Bikainena hain zuzen. Bikaintzat joko dira araudiko baldintzak betetzen dituzten proiektuak, %50erainoko diru-laguntza jaso dezaketenak.

SPRIren +digital@ programaren 2013ko balantzea ikusirik argi gelditu da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 10 milioi euro baino gehiagoko inbertsioak sustatzea lortu zuela informazio teknologien sektorean; horretarako, 3 milioi euro baino gehiagoko laguntza ekonomikoak eman zizkien 796 enpresari eta 78 enpresa elkarteri tresna digitalak erabiliz (negozio (e-Business), merkataritza edo marketin elektronikoa) beren lehiakortasuna hobetu zezaten.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke