Euskal teknologia gidatze autonomo eraginkorragoa lortzeko

2017ko Martxoa 07,

Otsailean Frantziako Versailles herrian aurkeztu zen Autopilot proiektua

Vicomtech-IK4 ikerketa-zentroa gidatzea automatizatzeko IoT soluzioak probatzea xede duen proiektu pilotu europarrean parte hartzen ari da

 

Vicomtech-IK4 euskal ikerketa-zentroa gidatze autonomo eraginkorragoa eta seguruagoa bermatzeko Gauzen Interneta (IoT, ingelesezko siglen arabera) aztertu eta probatzea xede duen proiektu europar batean parte hartzen ari da gaur egun. Autopilot deritzon ekimena Europar Batasunak ikerketa eta berrikuntza sustatzeko abian duen Horizon 2020 programari atxikita dago.

 

Proiektu honek ibilgailu autonomoekin egindako hainbat proba pilotu antolatuko ditu Frantzian, Herbehereetan, Finlandian, Hego Korean eta Espainian. Saiakuntza horietan, gidatze autonomoaren balizko egoera guztiak probatuko dira, hala nola, hiri-inguruneetan nahiz autobideetan zehar gidatzea edota aparkatzea autonomoko zerbitzua, besteak beste.

 

Euskal zentroa ibilgailu automoen funtzionamenduan lagun dezaketan pertzepzio-sentsore berriak garatzeko premiazko teknologia hornitzeaz arduratuko da ekimen honen barruan.

 

Otsailean Frantziako Versailles herrian aurkeztu zen Autopilot proiektu honek 43 bazkide ditu guztira, horien artean, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, automobilgintzako enpresak eta hornitzaileak, eta IKT sektoreko enpresak daudela. Proiektua 2019a amaitu arte luzatuko da

 

Proiektu honetan, Vicomtech-IK4ren parte-hartzea estu-estu lotuta dago gidatzea automatizatzeko sentsore berrien ikerketa eta garapenaren alde egina duen apustuarekin. Ibilgailuaren zirkulazioari dagokion ingurunea osorik ulkertzea da ikusmen artifizialeko sistemetan oinarritutako gailu horien helburua.

 

Gaur egun, euskal zentroa ingurune irekietako gidatze autonomoaren arloko beste hiru proiektutan parte hartzen ari da: inLane, Cloud LSVA eta VI-DAS. Ekimen hauetan, Vicomtech-IK4k lankidetzan dihardu Honda, Valeo, Intel, IBM, Nvidia, TomTom eta TASS International bezalako enpresekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke