Euskal Lanbide-Heziketak 450 enpresa sortu ditu 10 urtetan

2014ko Azaroa 18,

imagen spri tecnología

Euskadiko Lanbide-Heziketa errealitate bihurtzen diren enpresa-asmoen inkubagailu garrantzitsua da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Lanbide-Heziketako Sailburuordetzak sustatutako Urratsbat programaren emaitzek egiaztatu dutenez, LHko ikastetxeek 450 enpresa berri sortzen lagundu dute azken 10 urteotan. Proiektu horiek guztiak, ikasketa teknikoetan titulatutako gazteek ikastetxeen eta irakasleen laguntzaz sortutakoak dira.


Gainera, enpresa-proiektu horiek, iragankorrak izan beharrean, merkatuan tinkotu ohi dira kasurik gehienetan. Jorge Arevalo Lanbide-Heziketako sailburuordeak berrikitan adierazi duenez, enpresa horien %80k aurrera egitea lortzen dute, enpresa sortu berriek gaur egun pairatzen dituzten zailtasun guztien gainetik.

Horren haritik, TKNIKAk koordinatutako Urratsbat Programaren laguntzaz, enpresa berriak sortu dira hainbat sektoretan, instalazio elektrikoak, instalazio elektronikoak, gas-instalazioak, informatika, automobilgintza, ikusentzunezkoak, ostalaritza eta abar tarteko direla.

Urratsbatek lanbide-heziketako ikastetxeak enpresen haztegi eta inkubagailu bihurtzea lortu nahi du. Horretarako, ikastetxeek Ekintzaileentzako Bulegoa dute, gazte ekintzaileek doan erabil dezaketen behar bezala hornitutako zerbitzua. Gazteek, halaber, ikastetxeetako instalazioak erabil ditzakete azterketa-fasean dauzkaten produktuen prototipoak lantzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke