Euskal ikerketa, gibel koipetsuaren diagnostikoan aurrera egiteko

2017ko Otsaila 23,

CICbioGUNE euskal zentroaren ikerketa taldea

CICbioGUNEk frogatu duenez, analisi metabolomikoak gaixotasun horren diagnostikoa eta tratamendua hobe ditzake

 

CIC bioGUNE euskal ikerketa zentroak OWL Metabolomics konpainiarekin eta CIBEREHD ikerketa-zentro madrildarrarekin batera egindako ikerketa bati esker, bertatik bertara frogatu ahal izan da analisi metabolomikoa baliagarria izan daitekeela gibel koipetsu ez-alkoholikoa (NAFLD, ingelesezko siglen arabera) deritzon gaixotasunaren erarik zorrotzenaren diagnostikoa hobetu eta tratamendu-bide berriak jorratzeko.

 

Esperimentua gibel koipetsu ez-alkoholikoa duten 535 pazienterekin egin da, 40 lipido baino gehiago zehaztuz, eta horren bitartez frogatu da bi subfilum nagusi daudela esteatohepatitis ez-alkoholikoan (NAFLDaren bertsiorik zorrotzena).

 

Esteatohepatitis ez-alkoholikoa (NASH) deritzonean, gibelak koipea, hantura eta kaltea izan ohi ditu; gaixotasun progresibo honek gibeleko kalte handiagoa eragin dezake, baita fibrosi aurreratua, zirrosia eta gibeleko minbizia ere. Gaur egun, tratamendua pisua galtzean eta ariketa fisikoa areagotzen oinarritzen da, baina ez dago onartutako terapia farmakologikorik.

 

Ikerketa-zentroak ohar baten bidez jakinarazi duenez, identifikatutako bi subfilumek aztarna metabolomiko desberdina dute. Testuinguru honetan, odol-lagin txiki batez egiten den analisi metabolomikoak NASHa ote dagoen diagnostikatu eta, gerora begira, tratamendua pertsonalizatzea ahalbidetzen du.

 

Ondorioz, oharrak dioenez, analisi mota hori gaixotasuna diagnostikatzeko eta horren jarraipena eta tratamendua egiteko gida ezin hobea izan liteke, subfilum metabolikoan oinarritzen baita, eta ez soilik patologoaren emaitzetan.

 

Era berean, Gastroenterology aldizkari zientifikoan argitaratutako ikerketa honen egileek frogatu dutenez, identifikatutako subfilumetako batek, “M” deritzonak, NASHa berez garatzen duten MAT1A-ko izeneko sagu batzuen profil metaboliko berbera dauka. Sagu horien NASHaren tratamenduan S-adenosilmetionina deritzon konposatuaren aplikazioa eraginkorra izan denez, “M” subfiluma duten pazienteen NASHaren tratamendurako ere konposatu hori egokia izan liteke, ikerketak ondorioztatu duenez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke