Euskal enpresek kontratu bat itxi dute Volvo Taldearekin

2017ko Martxoa 02,

Kontratu honek 40 lanpostu berriren sorrera ekarriko du Matrici-k Zamudion duen lantegian

Matrici, Batz eta MB Tooling kooperatibek Suediako automobilgintza-taldearen proiektu baterako behar diren trokelen horniketa egingo dute

 

Matrici euskal kooperatibak, Batz eta MB Tooling enpresen lankidetzaz, kontratu bat sinatu du ibilgailuak fabrikatzen dituen Suediako Volvo Taldearekin, konpainia eskandinaviarraren proiektu baten kanpoko zein barruko piezak ekoizteko behar diren trokelen horniketa bermatzeko.

 

Matrici buru izan duen eskaintza honetan, trokelgintza arloko Dover enpresa kataluniarrak ere parte hartuko du. Eskarian, 1.200 profesional baino gehiagok, 50 fresagailuk eta edukiera desberdinetako 60 prentsak parte hartuko dute, guztira.

 

Kontratu honek zuzeneko 40 lanpostu berriren sorrera ekarriko du Matrici-k Zamudion duen lantegian. Konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, tamainagatik zein kalitate-eskakizunegatik, hauxe da kooperatiba bizkaitarrak 50 urtetik gorako historian gauzatu beharreko eskaririk garrantzitsuena.

 

Horren harira, Volvo Taldeak ondo kontuan hartu ditu proiektuan parte hartuko duten enpresen maila teknologikoa eta baliabideen erabilgarritasuna, baita erantzuteko eta zerbitzua emateko gaitasuna ere.

 

Matrici 1964an sortu zen eta automobilgintzako kanpoko piezen fabrikaziorako soluzioen garapenean espezializatuta dago. Kooperatibak 600 langile inguru ditu, filialak barne hartuta, eta iaz 85 milioi eurotik gorako fakturazioa lortu zuen.

 

 

Matrici enpresak kontratu berria baloratu du



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke