Euskadiko Teknologia Parkeetan dauden enpresak hazi egin ziren 2015ean, kopuruari, fakturazioari eta enpleguaren sorrerari dagokionez

2016ko Martxoa 22,

Bizkaiko Zientzia eta Teknologiako eraikin nagusiaren ikuspegia

30 urte baino gutxiago dituzten langileen eta goi-mailako tituludunen hazkunde nabarmena atzeman da.

 

2015ean enpresen baterako fakturazioak %11,5 egin du gora aurreko ekitaldiarekin alderatut.

 

Iaz, 2014. urtean baino %68,8 enpresa berri gehiago instalatu ziren.

 

Enpresek I+Garen alde egiten duten apustua geroz eta handiagoa da; 2015ean, esaterako, gastua 495 milioi eurokoa izan zen.

  

Beste urte batez, Euskadiko Teknologia Parkeek euren egoitzetan kokatuta dauden enpresei inkesta egin diete enpresen jardueraren berri edukitzeko. Aurreko urtearekin alderatuta 2014.a urte hobea izan bazen ere –pixkanakako susperraldia berretsi zen–, 2015eko itxierako datuak are itxaropentsuagoak dira. Hala, oro har, aztertutako puntu guztiak nabarmenki hobetu dira.

 

Parkeetan kokatutako enpresa kopurua %6,7 igo da, 429ra arte, zeinetatik 54 berriki instalatu baitira. Alegia, %68,8 enpresa gehiagok Euskal Parkeak aukeratu dituzte etorkizuneko hazkunderako. Bestalde, enpresen baterako fakturazioa ere nabarmen handitu da: 2015. urtean %11,5eko hazkundea eman da hain zuzen, 4.312 milioi eurotara heldu arte. Zentzu horretan, aipatzekoa da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen fakturazioak %39 gora egin duela, langile-kopuruaren, fakturazioaren eta I+Gra bideratutako jardueraren aldetik oso adierazgarriak diren enpresak heldu baitira Galarretako campusera.

 

I+G

 

I+Gan egiten den inbertsioak oinarrizkoa izaten jarraitzen du bai enpresentzat bai instituzioentzat; hala, Parkeetan I+G alorrean diharduen enpresa-kopurua 225era heldu da. Era berean, urtearen itxieran, I+G alorrean ari diren langileen kopurua ere areagotu da (4.617 enplegu). Enpresak gero eta kontzienteagoak dira I+G arloan egiten den inbertsioak duen garrantziaz; hortaz, geroz eta baliabide gehiago bideratzen dituzte, monetarioak zein giza-baliabideak.

 

Are zehatzago: 2015ean enpresek gehiago gastatu dute I+Gan, zehazki, 495 milioi euro, hau da, %4,2 gehiago.

 

Enplegua sortzea

 

Urteko inkestatik atera daitekeen beste alderdi garrantzitsuetako bat lanpostu berrien sorrera da; izan ere, hiru parkeetako langile kopurua guztira %6,6 hazi da, ekitaldiaren amaieran 15.918 lanpostuetara heldu arte. Aipatzekoa da 30 urtetik beherakoen kontratazioak areagotu direla, %22,1 gehiago, hots, 570 enplegu berri. Goi-mailako tituludun kopuruak ere gora egin du, hain zuzen ere %17,1, eta goi-mailako 7.404 tituludun daude lanean Parkeetako enpresetan.

 

“Enpresa-sehaskak”, enpresen sorrera eta sendotzea

 

Nola Eusko Jaurlaritzak hala hiru foru-aldundiek hiru euskal parkeetan dauden enpresa-sehasken alde –alegia, BICak– egin dute, modu argian lagundu baitute enplegu kopurua areagotzen eta enpresa berriak sortzen. Hain emaitza onak lortzeko, funtsezkoak izan dira instituzioek emandako babesa eta enpresa-egitasmo berriak abiarazteko punta-puntako instalazioak.

 

BPGd-aren gaineko eragina

 

Emaitzak ikuspuntu global batetik eta EAEko BPGd-aren gainean duten eraginari dagokionez aztertuta, egungo ikuspegiak ere –gainontzeko datuak bezala– 2014ko ekitaldian lortutako emaitzak hobetzen ditu. Beraz, hiru Euskal Parkeetako enpresen baterako fakturazioa Euskadiko BPGd-aren %5,5eri dagokio.

 

Gure autonomia-erkidegoaren enpleguaren gainean enpresek duten eragina guztizkoaren %5,4 da, eta, gainera, zuzeneko 3.500 enplegu inguru ditugu “kanpoko-zerbitzu” deritzen horietan.

 

Azkenik, nabarmendu beharra dago Parkeetako enpresek zerga bilketaren gainean duten eragina: 621 milioi euro.

 

Balorazioa

 

Lortutako emaitza onak azpimarratu ditu Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidente José Miguel Corresek. Baieztatu duenez, “egoera ona da neurri batean, eta horri esker enpresa teknologikoetan hobekuntza nabarmenak ezarri ahal izan dira. Izan ere, enpresa horiek gainerako enpresa-sareak baino askoz hobeto gainditu dituzte krisiaren urteak. Parkeetan kokatutako enpresak beti izan dira ekonomiaren hobekuntzen iragarle. Merkatuan duten kokapen bereziari, nolabaiteko gaztetasunari eta jarduera-sektoreei esker, Parkeko enpresak aurrenekoak izan ohi dira merkatuaren zantzu positiboei erantzuten; eta, oraingoan ere, ez da ezberdina izan”.

Azkenik, Corresek erantsi duenez, “Parkeak, hurbileko eragileak izaki, batez ere bideratzaileak gara eta gure enpresen agindura gaude hala behar dutenerako”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke