Euskadiko kultur- eta sorkuntza-ekosistema mapeatzen

2017ko Otsaila 15,

Ilustración de Karraskan.
Mapan sartzeko deialdia zabalik dago otsailaren 28ra arte.

Proiektuaren helburua da kultura arloko berrikuntzarekin lotutako eragileen aniztasuna ikusaraztea.

 

Karraskan elkarteak mapa bat egiteko deialdi bat egin du, mapa horretara bil daitezen Euskadiko kultur- eta sorkuntza-ekosistema osatzen duten eragileak. Proiektuaren asmoa da berrikuntzarekin eta kulturarekin lotutako ekimen, enpresa, kolektibo eta pertsonak identifikatzea; hori bai, lotura edo harreman hori oso zabala izango da, ohiko mugetatik harago doan espektroa jaso ahal izateko.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak babesten dute proiektua, eta RIS3 – Euskadiko Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren barnean sartzen da, zeinak bere baitan hartzen baititu kultura, sorkuntza eta sormen aplikatua, estrategiaren barruko Aukera Lurraldeetako bat bezala.

 

Mapa hori egiteko, Karraskan elkarteak deialdi bat egin die ekosistemako kide izan nahi duten eragile guztiei. Ekimenaren helburu nagusia da kultura arloko berrikuntzaren Euskadiko ehuna –ahalik eta modu zabalenean ulertua- ikusaraztea eta aldi berean hainbat eragileren arteko konexio posibleak sustatzea.

 

Esan bezala, deialdia zabalik dago hainbat sektorerentzat: arte plastikoak, ikusizko arteak, arte eszenikoak, edota artea eta zientzia edo teknologia interaktiboak uztartzen dituzten ekimenentzat, besteak beste. Egingo den mapak bere baitan hartuko ditu halaber artisautza sektorea, diseinua eta arkitektura, kulturaren kudeaketa eta ikerketa, eta kultura eta sorkuntza industriarekin lotutako eragileak. Azken finean, modu batera edo bestera kultura arloko berrikuntzarekin lotuta dauden proiektuei zuzentzen zaie. Euskadiko Kultura eta Sorkuntza Ekosistemako kide izateko nahikoa da ekimenaren inprimakia betetzea otsailaren 28a baino lehen.

 

Karraskan elkarte profesionalak bere baitan biltzen ditu sorkuntzarekin eta sormen aplikatuarekin lotutako euskal eragileak, diziplina arteko hibridatzearen ikuspegitik. Gaur egun hogeitik gora enpresa, espazio eta programak osatzen dute elkartea, “kultura arloko berrikuntza eta berrikuntzaren kultura” lelopean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke