Euskadik industriaren aurrerapenerako funts europarrak kudeatzeko esperientzia partekatu du

2017ko Otsaila 09,

SPRIk Bruselan aurkeztu du finantzaketa europarraren kudeaketari dagokion euskal ibilbidea

SPRIk Bruselan aurkeztu du, nanoteknologiaren erabilera fabrikazio-prozesuetan sustatzeko finantzaketa europarraren kudeaketari dagokion euskal ibilbidea.

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila, SPRI enpresa-garapenerako agentziaren bitartez, gaur Bruselan egin den “Nanotechnologies and Advanced Materials for Regional Growth – The Challenge of upscaling” izenburuko workshopeko protagonistetako bat izan da.

 

Fabrikazio-prozesuetan nanoteknologia eta material aurreratuak txertatzerakoan, Horizon 2020 europar inbertsio-funtsen eta Europako Egitura eta Inbertsio Funtsen (ESIF) artean dauden sinergia zehatzak esploratu eta aztertzea izan da Europar Batzordeak antolatutako foro honen helburua.

 

Jardunaldian, Cristina Oyón SPRIko ekimen estrategikoen arduradunak parte hartu du, Euskadik Europako eskualde-laguntzen eta ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko Horizon 2020 programako laguntzen erabileran duen esperientzia azaltzeko.

 

SPRIrekin batera, jardunaldian Tecnalia euskal zentro teknologikoak ere parte hartu du, Horizon 2020 programak finantzatutako zenbait instalazio piloturen proiektuetako partaidea den aldetik.

 

Testuinguru honetan, martxoaren 7tik 10era bitartean, Donostian egingo da NanoSpain Biltzarraren 14. edizioa. Harremanetarako sareak sortu eta nanozientzia eta nanoteknologiako azken erronka eta aurrerapenekin elkarreragitea da industria sektoreko erreferentziazko topagune honen helburua.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke