Euskadi Vanguard Initiative elkarte berriko kide izango da; Europako 30 eskualde batzen ditu elkarte horrek

2017ko Martxoa 22,

spri-def-vanguard-initiative

Elkarteak Europan eskualdeen arteko lankidetzarako modu berriak lortu nahi ditu klusterren,enpresen eta ikerketa zentroen artean, berrikuntza, hazkundea eta enplegua sustatzeko.

 

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur argi berdea eman dio Euskadik irabazi asmorik gabeko “Vanguard Initiative” elkarte berrian parte hartzeari. Elkarte horrek eskualdeen arteko lankidetza indartzeko interesa duten Europako 30 eskualde batzen ditu, industria alorrean hazkunde berri bat bultzatzeko asmoz. Marta Marín Euskadiren Europar Batasunerako ordezkaria izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaria elkarte horretan

 

Euskadik parte hartzen du urte batzuetatik hona vanguard sarean; industria alorrean liderrak diren Europako eskualdeak batzen ditu sare horrek. Urkullu lehendakariak berak inauguratu zuen 2016an jardunaldi teknologiko bat Bruselan, Euskadi eta Eskozia buru zirela. Lankidetza epe baten ondoren argi geratu denez, orain “Vanguard Initiative” irabazi asmorik gabeko elkartea sortu behar da, elkarte horrek sareari nortasun juridikoa eman diezaion eta EBtik (edo beste erakunde batzuetatik) finantzazioa jasotzeko aukera izan dezan baita ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko ere, helburuak erdieste aldera.

 

Elkartea Belgikako zuzenbidearen arabera eratuko da eta Euskadi elkarteko kide sortzailetako bat izatea proposatu da, Tampere, Flandes eta Emilia-Romagna eskualdeekin batera.

 

Estatutuen arabera, elkarte berria konpromiso batekin jaioko da: garapen ekonomikoan laguntzea eta kide diren eskualdeetan enplegua sustatzea “Europako eskualdeen arteko lankidetzari eta baterako inbertsioei esker”. Estatutuek, gainera, helburu nagusi hauek ezarri dituzte:

 

  • Elkarteak garatzea, kide diren eskualde eta Europako erakundeen artean elkarrizketa estrategiko bat sustatzeko eta horretan laguntzeko.
  • Europan eskualdeen arteko lankidetzarako modu berrien sustatzailea izatea, klusterren, enpresen (bereziki, enpresa txiki eta ertainen) eta ikerketa zentroen artean, berrikuntza, hazkundea eta enplegua sustatzeko lankidetza proiektuak sortzeko eta abian jartzeko teknologia berrien, digitalizazioaren eta garapen ekonomikoaren alorrean.
  • Berrikuntzako ibilbideak sortzea sustatuko duten eskualdeen arteko sareak eratzea bultzatutzea, Europan lehentasunezko eremuetan baterako inbertsioak egiteko asmoz.
  • Eskualdeen arteko mailan berrikuntza irekia indartzea.
  • Koinbertsiorako proiektuak finantzatzeko bidea erraztea eta etekina ateratzea eskualde, nazio eta Europako finantza-tresnen sinergia hoberenetatik.
  • Inbertsio publiko-pribatuek eskaintzen dituzten konponbideak aztertzea, balio kate berrien demostrazio eta esperimentazio ekintzetan laguntzeko; eta
  • Europan Espezializazio Adimentsuaren Estrategia garatzen laguntzea eskualdeen arteko lankidetzaren bitartez.
Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke