Euskadik burdindegi sektoreko bere nazioarteko azoken sustapena egin du Expo Ferretera 2013n

2013ko Iraila 06,


SPRIren Argentinako bulegoak Expo Ferretera 2013-n parte hartu zuen Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzaren bidez. Expo Ferretera 2013 irailaren 4tik 6ra egin zen Buenos Airesen eta SPRIk stand bat eduki zuen burdindegi sektoreko Ferroforma-Bricoforma eta BIEMH nazioarteko azoken sustapena egiteko, Euskadin egingo baitira BEC-ek antolaturik. Ekintza hori BEC-ek eta Argentinako burdindegi sektoreko antolatzaileek sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da, hitzarmen horren bidez beren nazioarteko topaketen sustapena egiten baitute Atlantikoaren alde batean eta bestean.

Expo Ferretera 2013 burdindegiko eta eraikuntzaren sektore osagarrietako artikuluen nazioarteko azoka bat da, Mercosur gunean egiten den garrantzitsuenetako bat, eta artikulu horien artean aipagarrienak dira higiene-ontziak, pinturak eta eraikuntzako oinarrizko materialak.

SPRIren standa, bi urterik behingo azoka honen aurreko edizioan ere instalatu zena, posible izan da Buenos Airesen dagoen Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak zubi-lana egin zuelako BEC-eko eta Expo Ferretera azokako antolatzaileek hitzarmen bat sina zezaten 2010ean.

Standean batik bat Ferroforma-Bricoforma 2015 eta BIEMH 2014 azoken hurrengo edizioak iragarri dira, eta plataforma bikaina izan da burdindegi sektorean eta makina-erremintan espezializatutako BECeko azoken sustapena egiteko Argentinako eta Mercosur guneko milaka bisitariren artean.

Aurreko edizioan ekitaldi garrantzitsu honek 16.215 merkatari, enpresaburu eta bisitari profesional erregistratu zituen eta Alemania, Brasil, Txina, Eskozia, Espainia, AEB, India eta Taiwaneko 268 enpresa erakusketari ostatatu zituen.

Bestalde, standean euskal eskaintza turistikoa ere eman da ezagutzera, Euskadiko banner turistiko eta sustapen foiletoen bidez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke