Euskadik Espezializazio Adimentsuaren Estrategia eta 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren (ZTBP) ildo estrategikoak onartu ditu

2014ko Apirila 10,


Helburua da enpresei eta gizarteari benetako onura ekartzea, sistemaren produktibitatea hobetuta.

– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilu berria eratu da, eta Tecnalia Fundazioaren, IK4 aliantza teknologikoen eta enpresa eragileen ordezkariak sartu dira.

– Gaur egungo ZTBP 2015 planari indarrean eutsiz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak (ZTBEK) RIS 3 Estrategia eta etorkizuneko ZTBP 2020 planaren ildo estrategikoak onartu ditu; 2020ko plan hori prest izango da 2015. urtearen hasierarako.

– Euskadirentzat, Europan lehiakor izango bada, esku hartzeko lehentasuneko esparru dira manufaktura aurreratua, energia eta biozientzia.


Bideoa ikusi

Euskadik Espezializazio Adimentsuaren Estrategia eta 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planaren (ZTBP) ildo estrategikoak onartu ditu – Irekia – Eusko Jaurlaritza


Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua (ZTBEK) arautzen duen dekretu berria onartu ondoren, Euskadik indartu egin du organo horren osaera; izan ere, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, unibertsitateetako, Innobasqueko eta Ikerbasqueko kideak izateaz gain, atzotik, baditu beste hainbat ordezkari ere: Tecnalia eta IK4 aliantza teknologikoetakoak; Zientzia, Arte eta Letren Akademiakoak –Jakiunde–, eta I+G arloan inbertsio pribatuaren eragile nagusi diren lau euskal enpresatakoak, alegia, Iberdrola, Idom, Cie Automotive eta CAF.

Osaera aldatu ondoren egindako lehen bileran, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak (ZTBEK) RIS 3 Euskadi agiria onartu du, Espezializazio Adimentsuaren estrategiari buruzkoa, eta ZTBP Euskadi 2020 Planaren ildo estrategiko eta ekonomikoak ere onartu ditu. Bi agiri horiek erreferentziatzat hartuko dira ZTBP 2020 berria egiteko, eta konpromisoa hartu da ZTBP berriaren lehen zirriborroa aurtengo azken hiruhilerako prest eduki, eta 2015eko lehen hiruhilekoan behin betiko onartzeko.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema osoaren ordezkaritza

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak (ZTBEK), osaera berriari esker, eragiteko eta jarduteko eskumena duen esparru guztietako ordezkariak ditu orain. Hala, Kontseilua osatu egin da, azpisistema teknologikoko ordezkaritza gehituta, Tecnalia e IK4-ren bidez; azpisistema zientifikoko ordezkaritza gehituta, Jakiunderen bidez; eta azpisistema enpresariala gehituta, Euskadin eragile eta berritzaile diren sektore eta enpresetako lau ordezkariren bidez.

RIS 3 Euskadi dokumentua onartzea, espezializazio adimentsuaren estrategiari buruzkoa.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak (ZTBEK) Euskadiren Espezializazio Adimentsuaren Estrategia onartu du. Estrategia hori prestatzen parte hartu dute I+G estrategian zuzenean diharduten Jaurlaritzako sailek, eta, horretaz gain, gaiari lotutako beste erakunde eta eragile publiko eta pribatu batzuen esku jarri da, kontrastatzeko.

Abiapuntutzat harturik indarrean dagoen ZTBP 2015, Europar Batasunak bere “hazkunde adimentsua” estrategian ezarritako prozedura metodologikoak erabili dira, eta, estrategia horren arabera, Europako eskualde baten lehentasunek honako hauek izan behar dituzte oinarri:

1. Ikusteko moduko indarguneak: enpresa-sare lehiakorra, berrikuntzak ustiatzeko gai diren sektore eragile eta guzti.
2. Gaitasun zientifiko-teknologiko bereizgarriak.
3. Erronka sozialei eta merkatuaren eskariei erantzuteko gaitasuna.
4. Zehaztutako estrategia garatzeko laguntza-tresna espezifikoak izatea, laguntza-programak eta esparru publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza kasu.

Alegia, eskualdeei gomendatzen zaie espezializatu daitezela lehiakortasunez eta ikur bereizgarria emanez jardun dezaketen gaitasunetan.

Fabrikazio aurreratua, Energia eta Biozientziak-Osasuna, Espezializazioa Euskadin
Kontuan izanik, hortaz, enpresen gaitasunak, gaitasun zientifiko-teknologikoak eta eskariari erantzuteko gaitasunak, Euskadin lehentasunezko hiru esparru handi identifikatu dira: Fabrikazio aurreratua, energia eta Biozientziak-Osasuna binomioa.

Fabrikazio Aurreratuak biltzen ditu gaitasunik gehienak, bai baliabide zientifiko-teknologikoen eta I+G emaitzen pilaketaren aldetik, bai hartzaile dituzten sektore enpresarialen eta ikerketaren ustiatzaileen dimentsioan ere.

Energiaren jarduera enpresariala oso fokalizatuta dago sektore ekonomiko jakin batzuetan, Euskadiko sektore bertikal nagusietako bat eratzen duten horietan, eta, gainera, enpresa eragile garrantzitsuak ere badira tartean. Gaitasun zientifiko-teknologikoen kontzentrazio nabarmena du.

Biozientzien lehentasuna azpimarragarria da, eragileen kontzentrazioagatik eta azken urteotan garatutako jakintzagatik, batik bat giza osasunaren arloan, non eragile zientifiko-teknologiko guztiek parte-hartze garrantzitsua duten.

Lehentasunezko esparru horiez gain, “aukera-gune” batzuk identifikatu dira: lurraldeari lotutako hainbat jarduera dira, eta denek ere garapen zientifiko-teknologiko eta enpresarialerako aukera handiak dituzte. Zehazki, aukera-gunetzat jaso dira honako jarduera hauek: nekazaritzako elikagaien sektorea; ekosistemak eta ingurumena leheneratzea; sormenari, turismoari eta kulturari lotutako industriak; hiri-garapenari eta lurralde-plangintzari lotutako jarduerak.

RIS 3 txostena eta identifikatutako lehentasunak “Euskadiko ZTBP 2020 berriaren oinarrizko ildo estrategiko eta ekonomikoak” agirian jaso dira, eta egun indarrean dagoen ZTBP 2015 ordezkatuko du, 2015. urtetik aurrera.

Euskadiko ZTBP 2020ren oinarrizko ildo estrategiko eta ekonomikoak.
Kontuan izanik zer-nolako heldutasuna lortu duten politika zientifiko-teknologikoek eta hobetu egin behar dela I+G+B arloan egindako inbertsioen eraginkortasuna, komeni da estrategia, ekintza eta baliabideak are gehiago fokalizatzea, helburua baita enpresei eta gizarteari benetako onura sortzea, sistemaren produktibitatea hobetuta.

Halaber, ZTBPren oinarriek bost helburu nagusi ezartzen dituzte: baliabideak eta inbertsioak I+G+B arloan kontzentratzea, enplegua sustatzeko eta ekonomia indarberritzeko; ikerketa-jardueraren mix-a orekatzea, beste herrialde batzuekiko lehian dugun desabantaila konpontzeko; Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema are efizienteagoa egitea, monitorizazio eta ebaluaziorako sistema integratu bat garatuta; I+G+B arloa nazioarteko bihurtzea, jakintza berriak eskuratzeko; berrikuntzak egiten dituzten enpresa kopurua igotzea, haien lehiakortasuna eta garapen iraunkorra hobetzeko.

Arlo publikoan inbertsioari eustea, eta arlo pribatuan igotzea

2012an, BPGren % 2,12 inbertitu dugu I+G arloan. 2020rako, helburua bikoitza da: Batetik, hazten ari den bideari jarraitzea, eta Europako batez bestekoa mantendu edo hobetzea, ezarritako diziplinetan eta lehentasun bertikaletan; eta, bestetik, I+G arloko gastuen eraginkortasuna eta efizientzia areagotzea, emaitza praktiko hobeak lortuz enpleguan eta enpresen lehiakortasunean duen eraginean.

Ildo horretatik, inbertsioaren hazkuntzaren zati handi bat sektore pribatuaren eskutik etorri beharko da, hori baita aberastasuna eta enplegua sortzeko benetako eragile. Bigarrenik, baliabide bolumen handi bat estatu mailako eta Europar Batasuneko lehiaketa-deialdietan parte hartuta lortu beharko dira. Euskal administrazio publikoek ere ekarpen garrantzitsua egingo dute, azken urteotan bezalaxe, baina are irmoago, kontuan izanik ekarpen hori zer-nolako testuinguruan egingo den.

Bilbaon, 2014ko apirilaren 10ean

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke