Europako garapen agentzien urteroko bilera Bilbon egingo da

2014ko Azaroa 18,


Agorada 2014+ topaketaren karietara Bilbon bilduko dira EBko eta Europa erdialdeko eta ekialdeko 25 herrialdetako 100 bat garapen agentzia, euren artean SPRI.

Bi konferentzia emango dira berrikuntza eta lehiakortasun hobekuntzari buruz, zeintzuen proiektuetan parte hartu baitute SPRIk eta Tecnaliak.

 


Bilbon egingo da azaroaren 18tik 20ra AGORADA+, Europako eskualdeen garapen agentzien urteroko bilera, eta bertan izango da SPRI, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentzia. EBko eta Europa erdialdeko eta ekialdeko 25 herrialdetako 100 garapen agentzia inguruk parte hartuko dute egitarauan programatutako eztabaidetan eta aukera izango dute eskualde arteko lankidetza aukerak partekatu eta azaltzeko energiaren, manufaktura aurreratuaren, biozientzien eta turismoaren sektoreetan.

 

Aurtengo ekitaldia Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak inauguratuko du eta bertan aurkeztuko dira berrikuntza eta lehiakortasun politiken hobekuntzari buruzko Espezializazio Adimendunaren esparruko bi proiekturen azken konferentziak. Proiektu horiek Interreg IVC programaren barruan garatu dira, hots, Europako eskualde arteko lankidetza bultzatzen duen programaren barruan, eta Eusko Jaurlaritzak aktiboki parte hartu du bietan SPRI eta Tecnalia erakundeen bitartez.

 

Hilaren 18an prestakuntza saio bat egingo dute policy maker-entzat; 19an eta 20an aukera egongo da eskualde arteko lankidetza aukerak partekatzeko eta energia, maufaktura aurreratu, biozientzia eta turismo alorretan garatutako bestelako esperientzietatik ikasteko.

 

AGORADA+ Konferentzia aukera paregabea izango da emaitzak eztabaidatzeko eta trukatzeko eta Eurada-Garapen Agentzien Europako Elkarteak (EBko eta Europa erdialdeko eta ekialdeko 25 herrialdetako 100 agentzia inguru biltzen dituenak) markatutako politiken ebaluazioko joera nagusiak aztertzeko.

 

Halaber, AGORADA+ ekitaldian parte-hartzaileek beren ezagutzak trukatuko dituzte Europa 2020 Estrategiarekin eta RIS3 Espezializazio Adimendunerako Estrategiekin bat datozen eskualde politika onenen diseinuari buruz.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke