Etorkizuneko industriaren negozioak

2014ko Urria 20,

imagen spri - robot

Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatutako ‘Basque Industry 4.0. Fabrika adimenduna’ jardunaldiak berretsi du badirela aukerak fabrikazio aurreratuan, errealitate handituan eta robotikan.

Egin diren tailer espezifikoek argi erakutsi dute zein sektoretan egiten diren negozioak.


Ekonomi eta Garapen Sailak asteazken eta ostegun honetan Bilbon antolatu duen ‘Basque Industry 4.0. Fabrika adimenduna’ jardunaldian sakon aztertu da zein sektoretan egiten diren negozioak 4.0 Industriaren eszenatoki berrian, adibidez fabrikazio aurreratuan, errealitate birtualean, robotikan edo Big Data arloan.

Egin diren tailerretan erakutsi da zein proiektu dauden martxan mundu zabalean eta euskal enpresen esperientziak azaldu dira. Esaterako, fabrikazio gehigarriko kasuak:

IK4 Research. Pedro Alvárezek esan du industriara iritsi diren tresna digital berriek paradigma berri bat dakarkigutela, zeinari esker egia bihurtuko baitira elkarri konektatutako fabrika sostengarriak eta produkzio malgua egiteko aukera emango digutenak.

Fabrikazio gehigarrian daukan esperientziari dagokionez, IK4-k aipatu zuen Europa mailan Euskadin dagoela Fabrikazio Gehigarria egiteko behar diren potentzia handiko laserren kontzentrazio handiena.  IK4-k baliatzen dituen hiru teknologiaren berri eman zien bertaratuei: laser bidezko fusio selektiboa, laser bidezko metalaren deposizioa eta I3D material plastikoak. Baita ere erakutsi zituen  fabrikazio gehigarrian oinarritutako esperientzia batzuk, esaterako pieza metaliko konplexuak, moldeak eta matrizegintza, produktu pertsonalizatuak eta serie laburrak (inplanteak).

Aipatzekoa da General Electric-ek aplikazio mediku berrietarako zentro bezala aitortu eta aukeratu duela IK4.

Mizar – Alcor taldeko enpresa berri honek fabrikazio gehigarriko osagaiak diseinatu eta fabrikatzen ditu. Jon Ander Goienetxeak bere enpresaren jarduera azaldu zuen, baina beti ere prozesuko balio-katearen testuinguruan.

Osteophoenix – Inplante eta hezur-guneetan espezializatutako enpresa. Mokor eta belaunetako protesiak, baina baita ere garezurreko inplanteak, kirurgia erasokorra minimizatzen dutenak. Hori guztia fabrikazio gehigarriari esker eta aukera izanik paziente bakoitzarentzat pertsonalizatutako piezak diseinatu eta ekoizteko. Bestalde, fabrikazio gehigarria medikuntza birsortzailean erabiliz posible izan dute lankidetzan aritzea titaniozko matrizeetan sostengatzen diren ehunak birsortzeko prozesuan.  Esan zuenez, aste batzuk barru prest izango dute beren espazioa eta San Pedro Ospitalean egingo dute beren lana.

Sienova- Mikel Astarloa.

Konpainia honek 9 urte daramatza lanean 3D teknologian eta denbora horretan konponbide ekipoak merkaturatu ditu fabrikazio gehigarriko enpresentzat. Eskura daukagun teknologiak aukera ematen digu formatu fisikoan dagoena digitalean jartzeko eta, alderantziz, mundu digitala fisiko bihurtzeko”.

Ez da bakarrik teknologia kontua, sistema produktiboa aldatzen ari da, bigarren olatu digitala bizi dugu. Bigarren olatu honetako teknologia digitalak denak batera sartu dira eta enpresek kultura aldaketa bat behar dute, jarrera berri bat oraindik menperatzen ez dugun eszenatoki batean”.

TuMaker

Kostu gutxiko 3D inprimagailu pertsonalak diseinatu, fabrikatu eta saltzen dituen enpresa. Urtarrilean atera dute azken modeloa. Enpresak eta hezkuntza sektorea dira beren merkatuaren %95.

Tumaker enpresak hiru proiektu aurkeztu zituen, une honetan garatzen ari direnak: lehenbizikoa metalak lantzen dituzten artista gipuzkoarrekin egiten ari dira; bigarrena, Donostiako Ospitalearekin, birikietako arazoak diagnostikatzeko; eta hirugarrena, hezkuntza arloan garatzen ari dira: Ikaslab, Gipuzkoan muntatu duten gela bat  3D fabrikazioari buruzko prestakuntza espezializatua emateko.

Beste adibide batzuk ere aurkeztu dira  bistaratzeari eta errealitate handituari buruz:

Lantek – Lantek Factory kontzeptua aurkeztu zuen, mundu mailako lider bihurtu dituena CAD/CAM softwarearen arloan. Garatu duten softwareak elkarrekin konektatzen ditu produkzio prozesuko elementu guztiak eta euskarria ematen du hartara prozesu industrialak hobetzeko. Software honek modu digitalean modelizatzen ditu elementu fisikoak. Vicontech enpresarekin batera eraikitako simulagailua da.

Programak aukera ematen du makinaren teknologia eta benetako CNC programa baten exekuzioa simulatzeko. Hots, denbora errealean ikusten da exekutatzen ari den programa zatia, posible bihurtuz zuzenketak eta hobekuntzak egitea. Modelo digitalean erreplikatzen dute tailerrean urratsez urrats gertatuko den guztia.

ULMA Packaging – Film plastiko bidezko ontziratze prozesua lantzen dute ikuspegi adimenduneko teknikak aplikatuz. Ontziratze ekipamenduak sentsore adimendunak ditu, hau da, ontziratu beharreko objektua identifikatu, manipulatu eta zigilatzen duten prozesamendu integratuko kamerak.  Platanoak –luzera desberdineko eta forma irregularreko produktuak, alegia–  ontziratzeko Flow pack horizontaleko kasu bat erakutsi zuen. Errealitate hori zaila da atzematen, eta perspektiba desberdinak eskatzen ditu,  Ulma-ren ontziratze lineak hainbat kamera erabiliz eskaintzen dituena. Behin produktuaren irudia prozesatu ondoren, makinak ontziratu egiten du eta filma mozten du. Teknologia horri esker Ulmak 705 kilometro plastiko aurrezten ditu urtean 10 ontziratze lineen itzuli bakar batean.

Lazpiur (Jorge Ariz)- Neurrira eginiko makina bereziak fabrikatzen dituzte, eta dioenez, “nekez egingo dugu ikusmen artifizialik ez daukan makinarik”. Bere hitzaldian bi kasu azaldu zituen: bata, torlojuen fabrikaziokoa eta bestea, makina txertatzaile batena. Bi proiektuek kamerak dauzkate prozesuak zuzendu eta hobetzeko; torlojuen kasuan, ahokatze perfektua lortzeko eta xaflen kasuan, txertatze puntuak zuzentzeko.

Jardunaldian eztabaidagai izan dute halaber robotika kolaboratiboa  fabriketan pixkanaka sartzeko prozesua. IK4-Tecnalia erakundeko arduradun batek esan duenez, “orain arte robotak eta pertsonak burdin-hesiz elkarrengandik bereizita egon dira; aldiz, robotika kolaboratiboarekin asmoa da elkarrekin lan egin dezatela eta lan astunak automatizatzea, osasun arazoak saihesteko eta lesio kopurua murrizteko”.

Munduko robot fabrikatzaile handienak –6.500 langile dituen Fanuc– bere esperientzia azaldu du. “Saiatzen gara robotek ahalik eta pertsonen antz handiena izan dezaten.  Robotak geure lantegian ekoitzi eta probatzen ditugu. Robotak fabrikatzen dituzten robotak dira”. Robotikari buruzko tailerreko partaideek ondorioztatu dute hainbat arazo daudela orain arautegien aldetik produkzio-kateetan robot gehiago sartzeko, “baina teknologia hori iritsiko da”.

Big Data tresna berri bat da eta aukera ematen du datu kopuru handiak aztertu, administratu eta manipulatzeko. Alberto Condek, NEM Solutions enpresako zuzendari nagusiak eman duen tailerrean esan du bere negozioak –energia eta burdinbide sektoreetako makinen mantenimendua– oinarritzat hartu duela matxurak aurreikustea eta planifikazio adimenduna egitea haizearen indarraren arabera, eta horrek produkzioa handitzeko aukera eman diela.

Adibide bat jarriz hauxe azpimarratu du: “Big Datak erakusten digu norantz goazen, errepidea aurrean jartzen digu, baina kontrola nahi baduzu, jakin behar duzu gure iraganetik abiatuta norantz goazen, eta horixe definitzen du Business Intelligence delakoak”, Conderen hitzetan autoko atzerako ispilutik begiratzea bezalako zerbait dena.

2013an NEM Solutions enpresak 500.000 Gigabyteko bolumena kudeatu du RENFE eta beste bezero batzuentzako mantenimendu proiektuetan, baina 2020an 5.000.000 Gigabyte-ra iritsiko dela uste du.

Sistema Ziber-fisikoak errealitatea dira dagoeneko gure industrian: gai dira mundu fisikoa eta mundu digitala uztartzeko eta ezagutza esparru berri bat osatzen dute, bere baitan biltzen dituena ingeniaritza, elektrika, elektronika, informatika eta bere kontrol eta komunikazio aldagaiak, prozesu fisikoekiko elkarreraginean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke