Etorkizun digital inklusiboagorako ideiak

2017ko Martxoa 15,

spri-social_innovcomp_webpage
Lehiaketa lan munduko desberdintasuna murrizten duten proposamenei zuzenduta dago

Eraldaketa teknologikoak iraultza ekarri du gure gizartearen arlo guztietara, eta aukera berriak sortu ditu zentzu askotan. Baina ekosistema digital berri hori eten bat irekitzen ari da bi pertsona multzoren artean: batetik, teknologien potentziala aprobetxatu dezaketenak eta, bestetik, gaitasun edo aukera eza dela-medio mundu horretatik kanpo gelditzen ari direnak.

 

Europako Batzordeak antolatzen duen Social Innovation Competition lehiaketaren bosgarren edizioak proposatzen du ideiak bilatzea eraldaketa teknologikoarekin lotutako desberdintasunak murrizteko, batik bat, enpleguaren arloan. Asmoa da erakustea berrikuntza sozialak konponbidea eman diezaiokeela erronka handi horri, “berdintasuna berrabiaraziz” gizarte digitalean.

 

Equality Rebooted deialdiak ideia batzuk ematen ditu adibide gisa: ekonomia digital inklusiboagorantz aurrera egiteko teknologiak edo negozio ereduak; desabantaila egoeran dauden pertsonen jabekuntza ahalbidetzeko berrikuntzak, bizimodua atera dezaten beren kontura edo besteren kontura, eta baita ere  beharrezko gaitasunak barneratzeko ekimenak lan-merkatutik kanpo geratu ez daitezen.

 

Social Innovation Competition lehiaketako epaimahaiak 30 proposamen aukeratuko ditu finalerdietarako, zeintzuek laguntza-prozesu batean parte hartuko baitute berrikuntza sozialeko akademiaren barruan beren proiektua garatzeko. Prozesu hori Madrilen egingo da uztailaren 3tik 5era, eta orobat baliagarria izango da ekintzaile eta balizko bazkideen artean sareak sortzeko. Hurrengo fasean 10 ideia finalistak hautatuko dira, eta urriaren 26an hiru irabazleak iragarriko dira, zeintzuek 50.000 euroko sari bana jasoko baitute. Azkenik, 2018ko lehen erdian, 50.000 euro emango zaizkio finalerdietako 30 proiektuen artean aurrerapen handiena lortu duen ekimenari.

 

Deialdia Horizontea 2020 programaren barruan kokatzen da, eta zabalik dago Europar Batasuneko herrialde guztientzat. Parte hartu ahal izateko, ekimenek ez dute garapen-maila aurreraturik behar, lehiaketa orobat zuzentzen zaielako lehen urratsak ematen ari diren proiektuei, eta batez ere kontuan hartuko dira berrikuntza, izan dezakeen inpaktua eta sostengarritasuna. Lehiaketan izena emateko epea zabalik egongo da apirilaren 7ra arte ekimenaren atarian.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke