ES | EU


2014ko Abendua 11


Enpresa donostiar hori teknologia adimendunetan oinarritutako konponbide domotikoetan espezializatuta dago eta 1,25 milioi euroko inbertsio erronda bat jaso du berriki. Konpainiak etxerako segurtasun kit berri bat merkaturatu nahi du 2015ean, eta harekin Alemaniako merkatuan sartu.


Wattio enpresak urtearen hasieran merkaturatu zuen SmartHome konponbidea, etxean energia eraginkortasunez erabiltzeko eta aurrezteko kit-a alegia. Lehenbizi crowdfunding kanpaina baten bidez kaleratu zuen, eta ondoren Leroy Merlin dendetan, konpainia frantsesarekin akordio bat sinatu ostean. Joan den uztailetik startup donostiarrak Ipar Amerikako merkatura ere helarazi du bere proiektua Amazon dendaren bitartez, eta orain hedatzen jarraitzeko aukera emango dion beste inbertsio erronda bat jaso du.

Inbertsioa, 1,25 miloi eurokoa, Wattio enpresaren inguruan kokatzen diren enpresari eta profesional gipuzkoarrek egin dute, zeintzuek eskarmentu handia baitute industriaren sektorean. Patxi Echeveste, Wattio-ko zuzendari nagusiak esan duenez, “industrian eta nazioartekotze prozesuetan esperientzia duten pertsonak dira, eta beren inbertsioa errentabilizatzeaz gain, ekarpenak ere egin nahi dituzte”, “guretzat egin duten inbertsioa bezain garrantzitsua da emango diguten babesa”. 2015ean enpresak bere bigarren kit-a merkaturatu nahi du, etxeko segurtasuna zaintzen duena, eta horretara bideratuko dute inbertsioa.

Wattio lantaldeak datozen hilabeteetarako diseinatu duen estrategiaren bidez Alemaniako merkatuan sartzea hartu dute helburutzat, eta domotikako SmartHome konponbideak hedatu nahi dituzte beste enpresa batzuekin lankidetzan: “Akordioak lortu nahi ditugu energia eta telefonia konpainiekin beren bezeroei gure sistemak eskain diezazkieten”, esan du Patxi Echevestek.

Wattio sistemak etxea Internetera konektatzen du dispositibo kit bat eta lainoko plataforma bat erabiliz. Hala, erabiltzaileek aukera dute etxetresna elektrikoak eta berogailua kontrolatzeko sakelakotik, uneoro kalkulatzeko zenbat energia kontsumitzen den etxean eta aurrezki neurriak hartzeko. Enpresak SPRI Taldearen laguntza du Arrisku Kapitaleko funtsaren bitartez eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean kokatuta dago.