Natur eta kultur ondarea ezagutzera emateko tresna bat

2014ko Abendua 04,

imagen spri fernando

PixyBit eta Ekograma mugikorretarako aplikazioen garapenean eta ingurumenean espezializatutako enpresak dira, hurrenez hurren, eta bien artean, erabiltzaileei inguruneko kultur eta natur ondarea hurbiltzea ahalbidetzen duen Ekoapps deritzon mugikorretarako aplikazioa merkaturatu dute. Elkarrizketa honetan,
Fernando Alava Moreno Pixybit-eko,
CEOak mugikorretarako aplikazio honek,
turismoaren, arloan eskaintzen duen,
potentziala argitu digu.


PixyBit-ek, Ekogramarekin batera, natura eta turismoa uztartzen dituen Ekoapps izeneko mugikorretarako errealitate areagotuko aplikazio-sorta bat merkaturatu berri du. Zeintzuk dira aplikazio horien ezaugarriak?

Naturaz gozatzeko aplikazio mugikorrak dira. Mugikorreko kamera eta GPSko, iparrorratzeko eta azelerazioko sentsoreak erabiliz, mugikorreko pantailan irudikatzen dugu interes natural eta kulturaleko guneen eta inguruko beste baliabide turistiko batzuen kokapen zehatza. Añanako eta Arabako Mendialdeko kuadriletarako aplikazioak landu ditugu dagoeneko. Erabiltzaileak mugikorra radarra balitz bezala erabil dezake, interesatzen zaion lekua erraztasun osoz aurkitu ahal izateko, helbidea eta distantzia barne. Horrekin batera, offline-ko mapak ere eskura ditzake, horiek ikusteko Interneterako konexiorik izan beharrik gabe.

Enpresa-ekimen berritzaile honek turismoaren sustapena eta tokian tokiko natur eta kultur balioen interpretazioa uztartzen ditu. Nola sortu da bultzatzen ari zareten ideia hau?

Ekograman nahiz PixyBit-en errealitate areagotua landu dugu, eta naturaren munduan eskaintzen dituen aukerez amets egin dugu. Eta errealitate bihurtzeko, lanari ekin diogu, bi enpresen gaitasunak bateratuz, Ekogramarenak ingurumen arloko aditu gisa, eta PixyBit-enak mugikorretarako aplikazioen garapenari dagokionez.

Zein da errealitate areagotuko tresna mugikor berri hauek turismo sektorean duten potentziala?

Erabiltzaile gisa uste dugu, mugikorrean bila zabiltzan baliabide turistikoaren -mendi-ibilbide baten edota museo, hotel edo jatetxe baten- helbidea eta benetako distantzia ikusi eta horren inguruko informazio osoa, argazkiak eta audioak erabiltzeko aukera izateak abantaila handiak eskaintzen dituela papereko ohiko mapa zabalgarrien aldean, eta abantaila horien artean ez da inondik ere txikiena, informazio hori eguneratzeko argitaraldi berriak egin eta material zaharra birziklatzeko premiarik ez izatea. Orain, natur eta kultur ondarea ezagutzera eman eta tokian tokiko enpresak sustatzen lagundu nahi duten erakundeek tresna berri bat erabil dezakete hori lortzeko.

Gailu mugikorrak nagusi diren egungo unibertsoan, zeintzuk dira PixyBit-en helburuko jardueratzat zehaztu dituzuen beste aukera-eremuak?

Gure aplikazio mugikorren hurbiltasunaz ohartarazten gaituzten gailu txikiak garatzen ari gara iBeacons konpainiarekin. Gailu horiek era askotako utilitateak eskaintzen ditu; esate baterako, GPSrik gabe non gauden zehaztea, gure pribatutasuna bermatuz, baita eraikin baten barruan ere (indoor lokalizazioa). Horrek eraikin baten barruan nabigatzea ahalbidetuko liguke, adibidez museo bateko aretoak aurkitzeko edo suterik izatekotan larrialdiko irteerak topatzeko.

Eranskailu adimendunak: Gailu hauetako bat bizikletan, diru-zorroan edota kotxeko giltzetan itsatsiz gero, jakinarazpen bat jasoko duzu mugikorrean hein batetik harantzago urrundu edota behar ez den unean mugitzen direnean; adibidez, baten batek dendaren ondoan aparkatu duzun bizikleta manipulatzen duenean, edota poltsa edo diru-zorroa kafetegi batean ahaztu edo ebasten dizutenean.

Interneterako konexiorik gabeko mezuak. Hauei esker, Interneterako konexiorik ez dagoen triatloi lehiaketa batean, lasterkari, entrenatzaile nahiz ikusleek elkarren artean komunikatzeko aukera izango lukete, horietako bakoitzak nodo baten antzera funtzionatu eta mezuak era pribatu batean puntu batetik bestera igorriko lituzkeen mesh sare bat eratuz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke