Transmedia Day ekitaldiak aztertuko du zenbat modu dauden istorio bat kontatzeko aro digitalean

2014ko Urria 24,


Urriaren 31tik azaroaren 1era bit Transmedia Day topaketa egingo dute BIME, musika industriaren jaialdiaren barruan. Ekitaldian azalduko dira zeintzuk diren transmedia narrazioaren aukerak hainbat sektoretan, hala nola hauetan: publizitatean, sorkuntza artistikoan edo bideojokoetan. 24 orduko hackatoi bat ere egingo dute.


Transmedia narrazioa esaten zaio istorio batetik abiatuta hedatzen diren edukiei. Narrazio desberdin eta elkar osagarriak sortzen dira, hedabidetzat dituzten bitartekoei egokituta. Esaterako, fikziozko pelikula batetik bideojoko bat, komiki bat edo blogak eta zaleek eginiko bideo edukiak sortu daitezke. Narrazio guztiak istorio berean oinarrituta egon arren, kanal bakoitzaren lengoaia aprobetxatzen dute eduki desberdinak sortzeko.

Transmedia narrazioaren kontzeptua ez da berria, baina askoz gehiago zabaldu da komunikazio digitaleko plataforma anitzak agertu direnetik eta baita ere prosumer deiturikoak hedatu direnetik. Prosumer-ak dira gustatzen zaizkien istorioetan oinarriturik eduki berriak sortzen dituzten kontsumitzaile aktiboak. Fenomeno horri buruz hitz egiteko eta Euskadin gaur egun zer egiten den jakiteko, urriaren 31tik azaroaren 1era Transmedia Day eguna ospatuko dute BIME jaialdiaren barruan.

Topaketan hainbat hitzaldi izango dira entzungai eta mahai-inguruak ere egingo dituzte transmedia narratibak sektore anitzetan duen potentziala esploratzeko, esaterako, publizitate eta marketinean, bideojokoetan edo ikus-entzunezko sorkuntzan. Jardunaldiak baita ere balioko du era horretako narratibak sortzen ari diren euskal enpresak ikusarazteko. Eztabaidaren ondoren Transmedia Day sariak banatuko dira Estatuko produkzio onenen artean, bi kategoriatan sailkaturik: amaitutako proiektuak eta garatzen ari diren ekimenak. Azkenik, 24 orduko hackatoi bat egingo dute transmedia narrazioen proposamen berriak sortzeko, BIME Hackday ekimeneko software eta hardware garatzaileekin batera.

Media-Attack.tv edukien produkzio-etxeak eta Last Tour International erakundeak elkarrekin antolatu dute Transmedia Day ekimena. Ekitaldia industria musikalari eta digitalari buruzko BIME PRO azokaren barruan dago, zeina urriaren 29tik 31ra egingo baita BEC-en.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke