TheAppMakr tresnak konponbide bat eskaintzen die ETEei eta saltokiei beren webguneak sakelakoari egokitzeko

2014ko Urria 11,


CICtourGUNE zentroak TheAppMakr tresna berria merkaturatu du. ETE, saltoki eta ekintzaileentzako lainoko konponbide bat da, beren webak sakelakoari egokitzeko eta aplikazio propioak sortzeko modu sinple batean.


TheAppMakr proiektuaren helburua da enpresa txikien eta tokiko saltokien webak mundu mugikorrari egokitzea, hau da, zerbitzu bat eskaintzen du webak smartphone eta tabletetara moldatzeko ezagutza teknikorik izan gabe. Tresna berri hori CICtourGUNE Turismo arloko Ikerketa Kooperatiboko Zentroan garatu dute eta erabilgarri dago jadanik.

Lehen fase honetan, webak dispositibo mugikorretarako egokitu daitezke TheAppMakr erabiliz, baina aurrerago balioko du baita ere sakelakoetarako aplikazio natiboak sortzeko. CICtourGUNEko ikerlari David Martínek azaldu duenez, “proiektua smart city-en hedapenean oinarritzen da, eta oso garrantzitsua da hirietako enpresak eta saltokiak presente egotea”, “turismoaren sektorean enpresa txiki asko daude eraldaketa horretan inbertitzeko gaitasunik ez dutenak eta horregatik garatu genuen TheAppMakr”.

CICtourGUNE zentroak lehenbizi Qrrrfy izeneko tresna garatu zuen eta horren hurrengo urratsa da TheAppMakr; hori guztia ikerketa zentroak aplikatutako estrategia baten barruan sartzen da, zeinaren helburua baita jomuga turistiko adimendunen hedapena ahalbidetuko duten azpiegitura teknologikoak bultzatzea eta turismo sektorearen premia berriei erantzutea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke