“Ideia onak eta berrikuntza sektore aeronautikorako eskaini nahi ditugu”

2014ko Abendua 02,

imagen spri tecnología

Joan den uztailean aurkeztu zen jendaurrean aeronautika sektoreko Fabrikazio Aurreratuko Zentroa, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutakoa. Ekimen honek Euskadiko sektore honetako enpresa nagusiak bildu ditu, eta UPV/EHU du eragile teknologiko nagusi. ITP enpresako Teknologia Saileko buru Placido Rodalekin hitz egin dugu, proiektu honen helburuak eta erronkak aztertzeko.


Aeronautikako FAZ proiektuak sektore honetako Euskadiko erreferentzia nagusiak bildu ditu. Ondorio gisa esan daiteke enpresa horiek guztiek aukera handia ikusi dutela ekimen honetan. Hala da? Nolako aukera-horizontea eskaintzen du honelako ekimen batek?

Bai, hasiera-hasieratik, lankidetzarako oinarri sendo bat mamitzeko aukera handitzat jo da, fabrikazio-prozesuaren kate osoko baliabideak elkartuz, ekipamendu produktiboetatik azken produktuetaraino, sistema eta teknologia horizontalak barne. Horri gaineratu behar zaio eragile teknologikoaren ‘transmisio-uhala’; kasu honetan, UPV/EHUrena eta bereziki Ingeniaritza Eskolarena. Erronka, merkatu aeronautikoari balio erantsi handiko soluzio integralak eskaintzea ahalbidetuko duen gune baten sorkuntzarako armazoia eskaintzea da, Europako beste eskualde batzuek bolumenagatik eta heldutasunagatik merkatuan duten abantaila konpentsatuz.

Ziur gaude lankidetza bene-benetakoa dela, errealitateko beharrei buruz partekatutako interesetan oinarritutakoa.

 

Zeintzuk dira fabrikazio aurreratuko proiektu honen helburuak aeronautika sektorean?

Era honetako zentro baten helburu nagusia, arrazoizko epe batean, eta edozein modutan epe azeleratu batean, ekoizpenean ‘ideia onak’ eta prozesu berritzaileak ezarriko direla segurtatzea da, teknologia-sarean nahiz enpresen barruan sortutako berrikuntza barne. Ideien ‘heriotzaren harana’ ekin behar dugu, eta horretarako ondo kontuan izan behar dugu egoera hori arrazoi hauei lotuta gertatu ohi dela: ingurune produktiboari dagokion ekipamendua ez edukitzea, prozesuko kate osoaren integraziorik eza (“batasunak indarra dakar”), edota heldutasun-maila desberdinetako garapen-jarduera teknologikoak nahasteak eragindako eraginkortasun-galera.

Gure asmoa bateratzea eta haztea da. Gure bokazioa, ekimena ahalik eta gehien zabaltzea, bazkideen arteko egiazko sinergien eskakizunaren haritik. Lehen fasea amaitu ondoren, lehenengo 11 bazkide sortzaileak ditugula, ekimenarekin bat egiteko interesa azaldu duten beste enpresa batzuen hautagaitzak aztertzeari ekingo diogu. Era berean, Hegan eta AFM klusterrekin sinatua dugun lankidetza-hitzarmenak balizko aliantzetarako benchmarking egonkor eta iraunkorra errazten du.

 

Oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatua bateratu eta ingurune produktibora ekarri beharraz hitz egiten da. Nolako proiektuak gauzatu ahal izango dira ekimen berri honen barruan?

Zentro hau heldutasun teknologiko ertain-altua duten jardueretarako zuzenduta dago, argi eta garbi. AFAZen asmoa ez da oinarrizko ikerketako edota heldutasun baxuko ikerketa aplikatuko jarduerekin lehiatzea edo jarduera horiek estaltzea; ez, behintzat, ezinbestekotik harantzago. Ideia horiek galtzen utzi barik, horien emaitzak bildu eta AFAZeko epe laburreko proiektuei gaineratu nahi dizkiegu. Horretarako, bazkideen arteko bategitearen indarra eta ekipamenduaz baliatuta, azken eskailera-maila igotzea dugu argitu beharreko zalantza, tailer produktiboetan emaitza argiak eta neurgarriak lortu ahal izateko. Hori guztia, AFAZeko eta bazkideen ingurune produktiboko jardueren arteko ‘talka’ arriskuak saihestuz. Erronka hau gure eragile liderra den UPV/EHUri jakinarazi diogu, eta gogo handiz bereganatu du.

AFAZek garatu nahi dituen proiektuak hainbat motatakoak dira, eta horien artean, honako hauek nabarmenduko nituzke, besteak beste: produktu berrien garapena, “azken” fabrikatzailearen nahiz horniketa-katearen eskutik; egungo prozesuen berringeniaritza, horien eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzeko, eta egungo prozesuei teknologia horizontalak gehitzea (tresneria, teknologia aditiboa, laserra, neurketa, …). Kasu honetan, teknologia-sareak sortutako teknologia aplikatua abiapuntutzat hartzea izango litzateke senezkoena.

AFAZeko proiektu guztiak eta kudeaketa bera austeritate-irizpideetan oinarrituko dira.

 

Aeronautikako FAZ, Europar Batasuna Horizon2020 estrategiaren bitartez sustatzen ari den espiritu berriaren barruan gauzatu da. Zer ekarriko dio tamaina honetako ekimen batek sektore osoari?

Argi dago AFAZen sorrera bera ere europar ikuspegi berri horren ondorioa dela hein handi batean, industria sektoreak geure ekonomiei eusteko duten garrantzia berreskuratzeko asmoari jarraiki.

Euskadiren kasuan, industria sektoreak historikoki izan duen pisuari erreparatuta, apustu hori askoz ere naturalagoa da. Horrexegatik, europar ikuspegi berri horrek ez ditu ezustean harrapatu enpresak eta Jaurlaritza, izan ere, FAZaren inguruko lehenengo elkarrizketak H2020aren aurretikoak baitira. Baina H2020ak egokiera zehaztu du, fabrikazio-teknologien izaera berritzaile eta aurrerakoia onartzea baimendu duen neurrian.

AFAZeko bazkideek goitik behera partekatzen duten ikuspegiaren arabera, AFAZ, oinarri sendoa ez ezik, europar proiektuetan parte hartzeko tranpolina ere izango da, bazkideei “world class”-eko enpresa eta eragile teknologikoekin batera lan egitea ahalbidetuko dieten industria eta teknologia arloko partzuergoen bitartez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke