“Polonia kontsumo-gaitasun handiko herrialdea da, batez ere produktu industrialetan”

2014ko Uztaila 18,


— SPRI Taldeak Polonian (Erdialdeko Europa) duen bulegoak aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dizkie euskal enpresei bertan kokatu daitezen.


Gemma Aizpitarte, SPRIko bulegoan.

Gemma Aizpitarte, SPRIko bulegoan.

Gemma Aizpitarte da Eusko Jaurlaritzaren enpresa agentziak, hots, SPRI Taldeak Polonian duen bulegoko zuzendaria. Bulego hori 2006an hasi zen ofizialki funtzionatzen ordezkaritza-bulego bezala, nahiz eta pasa den hamarkadaren hasieratik eskaintzen dituen euskal enpresei laguntzeko zerbitzuak.  Bulegoaren lan nagusia aholkularitza ematea da, euskal enpresentzat errazagoa izan dadin Polonian kokatzea, eta horretarako tokiko bazkideak eta enpresak bilatzen, identifikatzen eta aukeratzen laguntzen die: produkzio ezarpenak egiten (edozein modalitatekoak), bazkideak bilatzen negozio bat elkarrekin burutzeko, euskal produktuak merkaturatzeko kanalak aztertu eta bilatzen eta produktuak merkatuan sartzen, gure enpresentzako negozioak identifikatzen, zerbitzuak eta hornitzaileak bilatzen eta baita ere langileak aukeratzen.

“Euskal enpresei eskura ematen diegu dena. Nahikoa dute Poloniara bidaiatzea eta hautatutako enpresak edo kokalekuak gurekin batera bisitatzea, gero hurrengo urratsak edo estrategia mota aukeratzeko” azaldu du Gemma Aizpitartek.

Zein abantaila eskaintzen ditu Poloniak euskal enpresentzat?

Erdialdeko Europan kokatutako merkatu handi bat da; erraz iristen da inguruko herrialdeetara eta EBko lege- eta merkataritza-markoaren barruan dago, beraz, segurtasuna ematen du akordioak sinatzean, salmentak egitean eta kobratzeko orduan. Gainera, kontsumo potentzial handiko herrialdea da, gorantz doalako kontsumitzaile eta enpresen hazkunde ekonomikoa. Poloniak 17 eremu berezi ditu hamar urtez zerga-salbuespenak aplikatzen dituztenak, eta baditu baita ere enpleguarentzako eskualde mailako laguntzak, prestakuntza, udal zergak, e.a. Gainera, lursailen kostua txikia da eremu berezietatik kanpo kokatu eta eraiki nahi dutenentzat eta fiskalitatea ere baxua da, %19koa.

Aukera ematen du Europako beste merkatu batzuetara sartzeko?

Poloniatik 1.000 kilometroko erradioan balizko 250 milioi bezero daude. Plataforma ona da Ekialderantz zabaltzeko, eta segurtasuna ematen du salerosketak egiteko. Hain zuzen, Polonian kokatuta dauden enpresa askok inguruko herrialdeentzat egiten dute lan nagusiki.

Zein ezaugarri eta dimentsio ditu Poloniak bertan negozioak egiteko?

Biztanlerian eta azaleran Espainia baino txikixeagoa da. Baina herrialde handia da, 37,8 milioi kontsumitzaile dituena. Egia da tokiko enpresa askok ez duela produkturik inportatzen eta ez daukala ez merkataritza ez finantza gaitasunik herrialde osoaren eskaera asetzeko. Baina mugak ireki ostean, mikro-enpresak desagertzen ari dira eta handiagoak, espezializatuagoak sortzen ari dira, atzerriko herrialdeekin salerosteko gaitasuna dutenak.

Munduan jada ez dago produktu industrialak ahaleginik egin gabe saltzeko moduko merkatu “errazik”, batez ere ekonomia globalizatu denetik. Eta are gutxiago, erraz saltzeaz gain kobratzeko arazorik ematen ez duenik. Oraindik behar adinako hornikuntzarik ez duen merkatua da eta, beraz, kontsumo-gaitasun handia du sektore guztietan, bereziki produktu industrialenean. Gainera, segmentu horretan gero eta ugariagoak dira kalitatea bilatzen duten bezeroak, eta  prezioaren gainetik lehenesten dutenak.

     Aipatzekoa da bezero poloniarrari ematen zaion arreta ona ere, zeren Poloniako hainbat enpresatatik deitu baitigute euskal enpresa batekin bisita bat egin ostean gure profesionaltasuna eta tratu ona eskertzeko. Nire ustez funtsezkoa da gutxi gora-beherako estrategia bat edukitzea, merkatu batean zentratzea eta bi urtez lanean etengabe jardutea. Eta balizko bezero gehienak bisitatu eta aztertu ondoren bakarrik jakin liteke produktuak baduen tokirik merkatuan edo egokitu dezakegun.

Zeintzuk dira herrialdearen datu makro-ekonomikoak?

Ekonomia Ministerioaren arabera, aurten %2,5eko hazkundea izango du, 2015ean %3,8koa eta 2016an %4,3koa. Inflazioa %2,5 ingurukoa da eta langabezia %11koa. Jakina, hazkundea erlatiboa da eta abiapuntuaren araberakoa. Niretzat aipagarriena da, 1989ko trantsizio politiko eta ekonomikoaz geroztik, ez duela izan ekitaldi negatibo bakar bat ere, ez eta herrialdearentzat inboluzioa ekarriko lukeen urterik. Horregatik uste dut Poloniak etorkizun oparoa izango duela.

Zein desabantaila ditu?

Hizkuntza. Enpresek eta bezeroek oro har bertako hizkuntzan lan egiten dute. Baina gero eta gehiago dira atzerriko hizkuntzak ezagutzen dituzten langileak, atzerriko fabriketan lan egiten dutenak. Bestalde, Poloniako bezeroa exijentea da, batzuetan apetatsua. Arreta behar duen bezeroa da. Baina zerbitzu hori baloratu egiten du, eta uste dut faktore hori garrantzitsua dela leialtze prozesurako.

Beste desabantaila bat da legearen konplexutasuna, burokrazia eta gauza sinpleen  tramite konplexua. Hala ere, euskal enpresa askok aitortu didate hasierako fase korapilatsua gainditutakoan gustura daudela negozioaren martxarekin.

Zein sektoretan da errazagoa kokatzea?

Energia nuklearrarenean izan ezik beste guztietan. Nekazaritza eta elikaduraren sektorean ere espazio asko dago kalitatezko produktuen eraldaketan. Atzerriko inbertsio gehien jaso dituztenak automozioa, etxetresna elektrikoak, papera, ontziak eta elikadura dira. Bai fabrikatzaileek eta baita ere hornitzaileek. Atzerriko inbertsioak batzuetan kanpoko merkatuetara zuzenduta daude, nagusiki Alemaniara. Eta ia bat ere ez tokiko merkatura. Esaterako, Automozio Ganberan aipatu da teknologia zentro bat behar dela sektorerako, enpresek esan baitute horrelako azpiegitura baten premia dutela.

2013-2015erako eginiko aurreikuspenek Polonia adierazi zuten inbertsio gehien jasoko zuen laugarren herrialde bezala. Etengabeko inbertsio fluxua iritsi zaio 1989tik, baina inbertsio handi hori ez zaio soilik egotzi behar eskulanaren kostu baxuari (automozioan esaterako ez du garrantzi handirik), baizik eta Poloniak bere baitan biltzen dituen hainbat faktoreri: bere kokapen geografikoa; inguruko merkatuetarako sarbidea; inbertsio eta eraikuntza kostu txikiagoak; eskulanaren kostu txikiagoa; fiskalitate baxua; bizitzaren kostu nahiko baxua; eta Ekialdera iristeko plataforma egokia.

Badu aukerarik Europako funtsak eskuratzeko?

2014-2020 urteetarako EBk hainbat funts bideratuko ditu Poloniako hainbat programa nazionaletara eta uste dut programa horietan badagoela tokia euskal enpresen esperientzia eta lan moduarentzat. Hona hemen EBren funtsak jasoko dituzten programak:

Azpiegiturak eta Ingurumena                    27.513,9 mil €

Garapen Adimenduna                                   8.614,1 mil €

Jakintza, Hezkuntza eta Garapena            4.419,3 mil €

Informatizazioa                                              2.255,6 mil €

Polonia Ekialdeko Eskualdea                        2.117,2 mil €

Laguntza teknikoa                                              700,1 mil €

Zenbat euskal enpresa daude kokatuta Polonian, eta zein sektoretan?

Guk dakigula 20 enpresa produktibo eta 23 komertzial daude. Aipatzekoak dira automozio, eraikuntza eta ingeniaritzaren sektorekoak eta komertzialen artean, berriz, burdinbideetara, garraiora edo energiara jo dutenak. Euskal enpresek ez gaituzte beti informatzen Poloniara etortzen direnean eta batzuetan kasualitatez deskubritzen ditugu. Eta denek ere ez dute nahi gurekin harremanetan egoterik.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke