Baikortasuna nagusi AEBetan kokatutako euskal enpresen artean

2014ko Uztaila 17,


–       SPRI Taldeko ordezkaritzak, Alex Arriola zuzendari nagusia buru duela, berretsi du Ingeteam, Cadenas Vicinay, Tubos Reunidos edo Ampo Poyam bezalako enpresek aurreikuspen onak dituztela.

–       Gaur eta bihar bilerak egingo dituzte banku multilateralekin eta bihar New Yorken elkartuko dira Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzarekin. Bidaia honen helburua da euskal enpresentzako negozio aukerak bilatzea AEBetako hainbat sektore eta Estatutan.


SPRI Taldeko zuzendari nagusia, Alex Arriola, Ingeteam enpresa bisitatzen.

SPRI Taldeko zuzendari nagusia, Alex Arriola, Ingeteam enpresa bisitatzen.

AEBetan kokatutako euskal enpresak baikor agertu dira beren negozioei dagokienean. Hala berretsi du aste honetan Ipar Amerikan den SPRI Taldeko ordezkaritzak, hara joan baita euskal enpresentzako negozio aukera gehien eta onenak eskain ditzaketen sektore eta Estatuen bila.

SPRI Taldeko (Euskadiko enpresa agentzia) zuzendari nagusia, Alex Arriola, buru duen ordezkaritza Houstonen izan da, Cadenas Vicinay, Tubos Reunidos eta Ampo Poyam euskal enpresen ordezkaritza komertzialak bisitatzen. Topaketa horietan argi ikusi dute tokiko ekonomiak hazkunde egonkorra duela.  Vicinay, bere sektoreko liderra, errotzen ari da off shore energiaren merkatuan; Tubos Reunidos eta Ampo Poyam enpresek, berriz, 2013an baino emaitza hobeak espero dituzte ekitaldi honetan.

 Asteazkenean Euskal ordezkaritza Milwaukeera joan zen 2011n irekitako Ingeteam enpresaren fabrika bisitatzera. Konpainia horrek sorgailu eta bihurgailu eolikoak eta bihurgailu fotovoltaikoak fabrikatzen ditu merkatu iparramerikarrarentzat. Estatu Batuetan sektore eolikoa lantzen du nagusiki, eta ez hainbeste eguzki sektorea. Euskal ordezkaritzak ikusi du euskal enpresa horrek apustu argia egin duela merkatu horren alde eta hazkunde egonkorra aurreikusten duela etorkizunari begira.

Bidaiaren azken txanpan SPRIko arduradunak Washingtonera joango dira eta han bilerak egingo dituzte banku multilateralekin, euskal enpresei era horietako proiektuen inguruan aholkularitza eta laguntza zerbitzuak eskaini ahal izateko.

Misioa New Yorken amaituko da, non Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritza bisitatuko baitute martxan dauden proiektuen jarraipena egiteko, bertan dituzten baliabideak analizatzeko eta bitartekoak nola egokitu daitezkeen aztertzeko.

Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezkoa den herrialde horretara eginiko bisita hau Espezializazio Adimenduneko sektore garrantzitsuenetan zentratu da: Energia (Gas&oil sub-sea eta eolikoa) eta Fabrikazio Aurreratua. Aipatzekoa da, bestalde, bisitaldia testuinguru jakin batean kokatzen dela, AEBen eta Europar Batasunaren arteko Merkataritza Libreko Ituna negoziazio bidean dagoelako. Itun hori oso garrantzitsua eta onuragarria izango da itsasoz bestaldeko merkatuan lan egiten duten euskal enpresentzat.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke