ES | EU


2014ko Azaroa 05


Ekintzailetza soziala gero eta garrantzitsuagoa da Europan, hazkunde ekonomiko sostengarria sustatzeko eta gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko bidea delako. Estrategia horren barruan, ONCE Fundazioak eta Enpresen Erantzukizun Sozialaren eta Ezintasunaren Europako Sareko(RSE+D) bere bazkideek Social Entrepreneurship and Disability lehiaketaren bigarren edizioa jarri dute abian.


Saria 11.000 eurokoa da eta lehian sar daitezke bi ikuspegitako proiektuak: batetik, ezintasuna duten ekintzaileek bultzatutakoak eta, bestetik, kolektibo horri zuzendutako ekintzailetza sozialeko proiektuak. Bi kasuetan epaimahaiak irizpide berberak hartuko ditu kontuan: berrikuntza gradua, eragin soziala, bideragarritasuna, eskalagarritasuna eta proposamenaren orijinaltasuna. Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago abenduaren 12ra arte, eta lehiaketan parte har dezakete garapen fasean dauden eta negozio plan argi bat duten proposamenek edo bi urte baino gutxiago dituzten proiektuek. Izen-emateak sariketaren atarian egin behar dira.

RSE+D Sareko datuek diote Europako biztanleriaren %16k ezintasunen bat dutela. Talentu iturri izateaz gain, kolektibo horrek aukera ematen du negozio eredu berriak sortzeko, era askotako premia sozialei (zahartzea, enplegua) erantzuna eman diezaieketen zerbitzu eta produktuak eskain ditzaketelako. Sariketaren lehen edizioan Gregor Demblin ekintzaile austriarraren Career Moves proiektua saritu zuten, ezintasuna duten edo ez duten langabeak eta lan eskaintzak konektatzeko onlineko plataforma.

Europako Funts Sozialak ko-finantzatzen du saria eta Telefónica, L’Oréal eta Italiako Lan eta Politika Sozialen Ministerioaren laguntza du, denak ere RSE+D Sareko bazkideak. Europako beste fundazio eta enpresa batzuek ere babesten dute ekimena. Best Practices from the Award’s First Edition argitalpenak 2013ko edizioan ongien baloratutako zazpi proiektuak aipatzen ditu.