ES | EU


2014ko Abendua 23


Albatross Aeronautics CEIA zentroan jaiotako enpresa bat da. Tripulatu gabeko hegazkinen merkatu gorakorraren aldeko apustua egin du, eta berak diseinatu eta fabrikatzen ditu hegazkin egiturak, auto-pilotatze sistemak eta oinarriko estazioak askotariko misioak gauzatzeko. Iván Villalvarekin hitz egin dugu, negozio ideia martxan jarri zuen ekintzaileetako batekin.


Nola sortu zitzaizuen kezka hau? Nortzuk osatzen duzue Albatross Aeronautics enpresako lantaldea?

Lantaldean aspaldiko hiru lagun gaude, erabateko konfiantzazko jendea.Ez da posible gure kezka ulertzea, droiak soilik kontuan hartuta. Droiek teknologia asko daramate, eta geuk garatu dugu den-dena. Horregatik, enpresa gehiago da diziplina anitzeko laborategi baten modukoa: joko oso serioak egiteko jolasleku moduko bat, aerodinamikako, egiturako, elektronikako eta komunikazioko sailak dituena. Ikaragarri ondo pasatzen dugu benetan funtzionatzen duten asmakizunak sortzen. Eta, gainera, ahalegin handia inbertitzen dugu.

Eta zein da gaur egun zuen jarduera nagusia? Nola eboluzionatu du edo aldatu da proiektua hasi zenutenetik?

Aldaketa oso nabarmena da.Baditugu teknologiak eta baita ere eskarmentu handia, beraz zerbitzu oso espezializatuak eskain ditzakegu oro har industriarentzat eta bereziki aeronautikaren sektorearentzat. Bibrazio entseguetarako egiturak, kalkulu fluido-dinamikoa, egonkortasun goreneko tresna bereziak, serie laburreko pieza zailak, e.a. Esan liteke gure jarduera nagusia dela proiektu teknologikoki aurreratuak gauzatzea aeronautika sektorearen barruan.

Babes publikoa eta pribatua jaso zenuten ideia propioak sortu eta garatzeko. Nola gauzatu dira laguntza horiek?

Jabetza gutxiko enpresa garenez, gure balio erantsi handiena ezagutza da, eta liburutegi bikain bat ere bai (ongi aztertutakoa, ez dekorazio hutsa). Baina zertan gorpuztu dira laguntza horiek? Gure langileen soldatetan, zeintzuek gogor lan egiten baitute ikerketan konponbide hobeak emateko, hobeak ez ezik, ohiko teknologia gehienak baino askoz ere ekonomikoagoak ere badirenak, atzean duten azterketa lanari esker.  

Hastapenetan dagoen sektore batean sartu zarete  epe luzeko proiektu batekin. Merkatu azterketa on bat egin beharko zenuten… 

Enpresa planarekin hasi baino lehen, sei hilabete eman genituen azterketa-lan horrekin. Gero aurrera jarraitu genuen sortze eta finkatze prozesu osoarekin. Oraingoz badirudi bide zuzenean gaudela, baina egia da epe luzerako proiektua dela. Urte pare bat barru ikusiko dugu eginiko azterketa egokia zen ala ez.

Zeintzuk dira zuen produktuen balizko bezeroak? Zeintzuk dira eskaintzen dizkiezuen funtzionaltasun garrantzitsuenak?

Oso bezero gutxi ditugu eta ez zaigu gustatzen informazio hori aireratzea. Ez dugu jostailurik egiten, hegazkinak baizik, ez dira publiko orokorrarentzat.

Aholkularitzako zerbitzuak ere ematen dituzue; zeintzuk dira zuen ezagutzari esker konpontzen dituzuen arazoak?

Aipatu duzun hori oso interesgarria da, droiei buruzko ikerketatik oso zerbitzu bereziak sortzen baitira. Zerbitzu horietan denetan arrakastatsuki aplikatu dugu gure esperientzia nazioarteko lehen mailako bezeroentzat:

–       Ikusirik nolako arazoak dituzten zenbait droik, eremu horretarako modelo espezifikoak egiten ikasi genuen. Asko pentsatu eta kalkulu zorrotzak egin ostean, bibrazio entseguetarako tresnak egin ditugu.

–       Kalkulu fluido-dinamikoa da gure beste indar-guneetako bat, nahiz eta oso ezaguna ez izan. Merkatu industrialak akats sistematikoak egiten ditu fluxuen mekanika instalazioetan, esaterako, aireztatze, berogailu edo aire girotuaren sistemetan. Batez ere eskala handikoak direnean. Elementu horien hobekuntzan espezializatu gara pixkanaka.

–       Gure beste indar-gune bat da kontrol ingeniaritza, eta batez ere nola akoplatu ingeniaritza hori modelo konplexuetara, bai aerodinamikoetara, bai egiturazkoetara eta baita ere dinamikoetara. Ezin da ahaztu droi bat sistema konplexu bat dela, eta auto-pilotuak makina aerodinamiko bat kontrolatu behar duela, gure kasuan oso berezia gainera: ia ez dago hori kontrolatu dezakeen auto-piloturik, gai baita 100 km/h-ko haize boladetan hegan egin egiteko bere gehienezko abiadura 110 km/h izanik ere.

Esan zein den zuen balio erantsia hiru hitzetan

Azterketa, ezagutza, optimizazioa

Amaitzeko, zer aholku emango zenioke bere proiektuarekin “zeruraino” iritsi nahi duen ekintzaile bati?

Bat ez, asko emango nizkioke: Ekintzaile batek behar duen lehenengo gauza ilusioa da. Ilusio handia, izugarria. Lantalde osoarentzat bezainbeste ilusio behar du. Motorrak gara, ez engranajeak. Ideologoak, ez jarraitzaileak. Gainera, funtsezkoa da inguruan lagunak izatea: familiak une zailak gainditzen lagunduko dio, konfiantzazko bazkideak behar ditu, lehenengo langileek eredugarriak izan behar dute atzetik datozenentzat, eta bezeroak ere lagunen artean baditu, hainbat hobe. Era berean garrantzitsua da aldez aurretik informazioa lortzea, beharrezko diren arloak aztertzea, ikastea eta batez ere planifikatzea. Pentsa dezala jokaldia hainbat urte lehenago. Bat ez da ekintzaile bihurtzen goizetik gauera. Gaur hasten bada tresnak jartzen, baliteke hemendik bi urtera ideia bat sortzea. Landu, aztertu, heldu egin behar da. Eta geroxeago hasten dira tramiteak. Horrek segurtatzen du arrakasta. Ikasteko beste modua da porrot egitea, harik eta ongi atera arte. Estilo kontua da, nik nahiago dut lehenengo saiakeran asmatu.

Bestalde, kontuz ideia zoriontsuekin: enpresa mundua hilotz azkarrez beteta dago. Badaude ideia batean fedea duten adimen distiratsuak, baina ez dutenak ikusten ez dagoela bezerorik ideia horrentzat. Zintzoa izan behar da, norbere buruarekin eta gainerakoekin. Enpresarioi ez zaizkigu gezurtiak gustatzen. Jende informatua diskretu eta neurrikoagoa izaten da, baina horrek ez du esan nahi indar gutxiago duenik.

Eta, azkenik, etsipenari aurre egiteko hartu gogoan ideia hau: ideia on bat nabarmena bada, seguru ez dela hain ona, bestela mundu guztiak egingo zukeen dagoeneko. Sistematikoki egin behar diogu aurre etsipenari, baita ere ingurukoek ideia horretan federik ez dutenean, ingelesez “the vision” deitzen zaio horri. Baina maite gaituztenek ez dute federik izan behar ideian, baizik gugan.