Madrilen aurkeztu dira Datik enpresaren Garraio Adimenduneko Sistemak

2014ko Azaroa 27,

imagen spri TEICS

Gipuzkoako Datik enpresa teknologikoak Autobusaren eta Autoaren Nazioarteko Azokaren azken edizioan parte hartu du eta errepideko segurtasuna eta energia kontsumoa hobetzeko egin dituen konponbideak aurkeztu ditu. Zerbitzu horiek dagoeneko martxan daude Donostian eta Madrileko erkidegoan.


Garraioari aplikatutako informazio eta komunikazio teknologiek aukera ematen dute hainbat konponbide garatzeko eta konponbide horien bidez erregai kontsumoa optimizatzeko eta errepideko ibilbideen segurtasuna hobetzeko. Gainera, datu esanguratsuak ematen dituzte garraio zerbitzuak hobetzeko. Adibide bikaina dira esaterako Gipuzkoako Datik enpresa teknologikoak Autobusaren eta Autoaren Nazioarteko Azokan (Madrilen egin zena urriaren 28tik 31ra) aurkeztu zituen konponbideak.

Zerbitzu horietako bat MagicEye da. Autobus eta ibilgailu industrialentzat bereziki diseinatutako segurtasun sistema bat da; gidariaren neke zantzuak detektatzen ditu eta baita ere antzematen du noiz ateratzen den nahigabe erreitik edo noiz ez duen mantentzen segurtasun distantzia. Datik enpresak sortutako konponbide honek kamera bat, radar bat, gidariari alarmak igortzeko informazioa jasotzen duen GPS sistema bat eta zerbitzua kudeatzeko plataforma integratzen ditu. Dagoeneko erabiltzen ari da “Julián de Castro” garraio konpainiak Madril Eskualdeko Garraio Partzuergoan martxan dauzkan hiri arteko sei autobus lineetan.

Enpresa teknologikoak Eco-Assist konponbidea ere aurkeztu zuen, errepideko ibilbideetan erregaiaren kontsumoa murriztea helburu duen zerbitzua. Sistemak abiadura optimoaren kurbak aztertzen ditu eta hainbat jarraibide ematen dizkio gidariari kontsumoa aurrezteko: abisuak bidaltzen dizkio gehienezko abiadura gainditzen duenean, motorrari bira gehiegi eragiten dizkionean, erralentian denbora gehiegi daramanean edo azelerazio eta galgatze bortitzak egiten dituenean. Horri guztiari esker, Eco-Assist zerbitzuarekin garraio enpresen kostuak murrizten dira erregai kontsumoa optimizatzen delako, eta ingurumen inpaktua gutxitzen da, gidatzeko era eroso eta seguruagoa eskainiz. Joan den abuztuan Donostiako Dbus autobus konpainiak sistema hori sartu zuen bere ibilgailu flotan.

Donostiako Datik enpresa teknologikoa ITS konponbideetan (Intelligent Transport Systems) espezializatuta dago eta Irizar enpresa taldearen barruan dago.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke