Banku multilateralen proiektuak, esplotatu gabeko nitxo bat

2014ko Urria 08,


SPRIk 100.000 milioi euroko inbertsio merkatu baten aukerak eraman ditu Barakaldoko BECen ospatzen ari den InvEXPOrt azokara.

Une honetan 30 euskal enpresa ari dira parte hartzen garapen bidean dauden herrialdeetara bideratutako proiektu horietan.


BEC-en (Barakaldon) SPRIren eskutik egin den asteazken honetako mahai-inguruan adierazi den bezala, munduko banku multilateralek finantzatutako proiektuak negozio aukera garrantzitsua dira euskal enpresentzat. Ekitaldia InvEXPOrt azokaren barruan kokatu da, Espainiako enpresen nazioartekotzearen topagune handian. Bertan bilduko da asteazken eta ostegun honetan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI-enpresen garapen agentziaren Kanpo Sare osoa, 70etik gora herrialdetan lan egiten duena.

Emilio Bungek, DFI aholkularitzako zuzendariak eta enpresei aholkularitza ematen dienak munduko bankuekin egingo dituzten proiektuei buruz, segurtatu du 100.000 milioi euroko inbertsio merkatu bat dela eta banku multilateralak (era guztietako proiektuak finantzatzen dituztenak garapen bidean dauden herrialdeentzat) “sarbide” bat direla horrelako negozioentzat”. Diru horren %70-80 sektore publikoarentzat da. Badituzte baita ere proiektu pilotuentzako fondo galdurako leihatilak”.

David Fernándezek, SPRI Taldeko Nazioartekotze arloan horrelako proiektuen ardura duenak, esan du une honetan 30 euskal enpresa ari direla parte hartzen horrelako proiektu multilateraletan. “Banku horiek, garapen bidean dauden herrialdeetan garatuko diren proiektuei laguntzeaz gain, sektore pribatua ere finantzatzen dute eta euskal enpresek finantzazio-iturri gehigarria aurki dezakete hor”.

Emilio Bunge aholkulariak merkatu-nitxo horietara sartzeko giltzarri batzuk eman dizkie enpresariei mahai-inguruan.  Bungek esan du errazagoa dela klusterren bidez egitea eta behin proiektua onartu denean, oso posible dela proiektu hori beste herrialde batzuetan ere garatzea. “Banku hauek gustuko dute proiektu bat behin baino sarriago egitea”.

Bungek lizitaziora aurkezteko kontu tekniko batzuk azaldu ditu: lehenik eta behin, proiektuaren gerentearekin jarri behar da harremanetan, bera baita proiektua onartzeko ardura duena, eta azpimarratu du banku multilateralak zehatz-mehatz berrikusten duela dokumentazioa, nahiz eta kontratua proiektua gauzatuko den herrialdeko kasuan kasuko ministerioaren eskumenekoa den. Nolanahi ere, bankuak “bermatzen dio lizitatzaileari kobrantza”.

Aholkulariak baita ere esan du joan egin behar dela proiektua gauzatuko den herrialdera eta, hain zuzen, “proiektua inplementatuko duen ministeriora”. Ez da derrigorra Munduko Bankura joatea, baina ezinbestekoa da kasuan kasuko ministeriora jotzea lizitazioa atera baino lehen”.

David Fernándezek aipatu du inbertsio hauetan ez dela onartzen inolako ustelkeriarik. “Proiektuak berrikusi egiten dira eta bankuek dokumentu guztiak gainbegiratzen dituzte. Ustelkeria kasuren batean murgilduta egon diren enpresak zerrenda batean ageri dira eta ezin dute lizitazioetara aurkeztu 2-10 urteko epean; horixe gertatu zaio, hain zuzen, Kanadako enpresa bati”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke