Errealitate handitua, industriako lehiakortasunaren hobekuntza bezala

2017ko Otsaila 15,

basque industry jornada realidad aumentada
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako “Basque Industry 4.0” jardunaldi tematiko batek erakutsi du errealitate handituaren bidez enpresek denbora eta dirua aurrezten dutela eta prozesuak seguruago bihurtzen direla. Konpainia handiek teknologia horren aldeko apustu argia egin dute.

Tecnaliako Diego Sagastik dio “lehio bat” dela lantegi bateko ekipamendu guztien “funtzionamenduari eta ezaugarriei buruzko informazioa eskuratzeko”.

 

Errealitate handitua (mundu errealari informazio birtuala gehitzen dion teknologia) gero eta presenteago dago industrian. Errealitate handituaren bidez denbora eta dirua aurrezten da eta prozesuak seguruagoak bihurtzen dira. Konpainia handiek teknologia horren aldeko apustu argia egin dute, esan du Tecnaliako Errealitate Handituko arduradun Diego Sagastik, SPRI Taldeak (Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresa garapenerako agentziak) Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan antolatu duen jardunaldian. Jardunaldi hori “Basque Industry 4.0” jardunaldi tematikoen barruan kokatzen da, zeintzuk  SPRI Taldeko “Enpresa Digitala” zerbitzuaren bidez gauzatzen ari baitira urte osoan, izen bereko estrategiari lotuta. Jardunaldi tematiko horiek jarraipena ematen diote udazkenero egiten den Basque Industry 4.0 jardunaldiari, hots, 4.0 industriari buruzko ekitaldi nagusiari. Ekitaldi horren helburua da foro bat izatea iritziak trukatzeko 4.0 industriak Euskadira dakarren paradigmari buruz eta etorkizuneko perspektibak aztertzeko.

 

Sagastik azaldu du zein desberdintasun dauden errealitate handituaren eta mistoaren artean. Lehenengoak informazio birtuala ematen du eta bigarrenak “urrats bat gehiago eman eta espazio berriak sortzen ditu, zeintzuetan objektu fisikoek ingurune birtualarekin elkarreragin baitezakete. Kontuan hartzen du ingurunea”.

 

Tecnaliako arduradunak esan du teknologia hori hainbat sektoretan erabiltzen dela, hala nola: jokoak, hezkuntza, medikuntza, espazioa eta suhiltzaileak, ondarea, telebista, kirola, publizitatea, industria edo abiazioa.

 

Industriaren sektorean erabiltzen da prozesuak hobetu, azkartu eta merkatzeko. Sagastik adibide batzuk jarri ditu. Telelaguntzan aplikatzen da makinak konpontzeko. “Segurtasuna ematen dio langileari, zeinak errealitate birtualaren bidez jasotzen duen informazioari esker, ez baita hurbiltzen leku arriskutsuetara, badakielako zer eta nola egin behar duen”. Adibide praktiko bat erakutsi du: lantegi batean akats bat dago eta teknologia horrek lantegian barrena gidatzen du langilea (errealitate handituko betaurreko batzuei esker) matxuratuta dagoen makinaraino.  Bidean, langileak arazoaren berri jasotzen du eta matxuratutako makinara iristerako badaki zer egin eta nola konpondu matxura. Horra 4.0 industriaren adibide argi bat.

 

Orobat balio du bideokonferentzia bidez aditu batekin aritzeko matxuratutako makina dagoen lekuan bertan. Diego Sagastik esan duenez, izugarri praktikoa da CAF bezalako enpresentzat, zeinak trenak Irunen fabrikatu eta  Madrilen konpontzen baititu. “Horrek esan nahi du ingeniariak atzera eta aurrera ibili behar duela. Teknologia honekin ez dago bidaiatu beharrik eta azkarrago konpontzen da arazoa”. Baliagarria da, baita ere, gaueko txandetan tren-lineen kudeatzaileak ez dezan izan zertan azaldu lantegira. “Errealitate handituko aplikazio baten bidez, gaueko txandako langileek eurek konpondu dezakete arazoa. Errealitate handituak segurtasun handiagoa ematen die langileei eta prozesuak digitalizatzen laguntzen die”.  Sagastik laburbidu bezala, “leiho bat” da lantegi bateko ekipamendu guztien “funtzionamenduari eta ezaugarriei buruzko informazioa eskuratzeko”.

 

Sagastik jakinarazi du badirela Magic Leap bezalako enpresak, teknologia honetan 4.500 milioi euroko inbertsioak egiten ari direnak. Orobat esan du hainbat txostenek iragartzen dutela 2022rako 80.000 bilioi dolarreko inbertsioak egingo direla errealitate handituko eta birtualeko teknologian.

 

Industrian dituen aplikazioez gain, Sagastik beste sektore batzuetako aplikazioak ere azaldu ditu. Eraikuntzan, esaterako, balio du obra baten azken akabatua birsortzeko obra egiten hasitakoan, hartara akatsak saihesteko. Osasunean, balio du zirujauak organoak ikus ditzan operatu bitartean. Suhiltzaileen zerbitzuan, informazioa ematen dio profesionalari ihesbideak aurkitzeko, zaurituak aurkitzeko edo jakiteko zein gunetan ezin den sartu. Defentsan, dagoeneko sortu da 300.000 euroko pilotu kasko bat, ikusi behar duen guztia modu naturalagoan ikusarazten diona.

 

Publizitate sektoreko adibideak ere jarri ditu: etxetik probatu daitezkeen betaurrekoak; ibilgailu partikular bat, zeinak informazioa jasotzen baitu aurreko kristalean abiadurari eta aurreko autoa dagoen distantziari buruz, eta “abisatu egiten zaituena sobera hurbiltzen zarenean”.

 

Sagastik esan du etorkizuneko erronkak direla gailu txikiagoak egitea eta autonomia hobetzea, oraingoz ez baitira iristen lau ordura.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke