4.0 industria, “Fabrika Adimenduna”, Euskalduna Jauregiko oholtza gainean urriaren 15ean

2014ko Uztaila 09,


Urriaren 15ean ekonomia, enpresa eta industriaren munduko bostehun eragile inguru elkartuko dira Bilboko Euskalduna Jauregian 4.0 industria, “Fabrika Adimenduna”, ardatz izango duen jardunaldi batean. Jardunaldi horretan lehen eskutik ezagutu ahal izango da Alemanian alor horretan izan duten esperientzia, kontzeptu garrantzitsuenak azalduko dira eta Europako Industriarentzat duen garrantziaz mintzatuko dira.

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila izan da SPRI Taldearen bitartez jardunaldia antolatu duena. Lehen aipatutakoez gain, baita ere azalduko dira EIKTen (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) sektoreko azken joerak, berauek direlako industri enpresen etorkizuna.

 

Joera horien artean aipatzekoak dira, besteak beste, Fabrikazio Gehigarria, Errobotika Kolaboratiboa, Sistema Ziber-fisikoak, Errealitate Handitua, Cloud Computinga eta Big Data. Arantza Tapia sailburuak RIS3 estrategiari eta Industrializazio Planari buruzko azalpen bat emango du eta jardunaldia Eusko Jaurlaritzaren estrategia horren barruan kokatuko da.

 

Egunean zehar askotariko jarduerak egingo dira, esaterako, mahai-inguru batean hiru gonbidatu eztabaidan ariko dira 4.0 industriak Euskadiri dakarzkion erronka eta aukerei buruz, lehen aipatutako joeren adibide praktikoak aurkezteko tailerrak egingo dira eta onlineko inkestak ere bai, bertaratuek adieraz dezaten zer-nolako premiak dituzten  industriek EIKTen inguruan, datu horiek baliagarriak izango direlarik Jardunaldiaren ondorioak prestatzeko.

 

Jardunaldian espazio txiki batzuk jarriko dira industriari zuzendutako EIKT arloko konponbide teknologikoak erakusteko. Erakustoki horiek beren konponbideak aurkeztu nahi dituzten teknologia eskaintzaileentzat izango dira, batez ere Euskadikoentzat.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke