“Enpresaren estrategia ezin da utzi arduradunen esku bakarrik”

2014ko Iraila 18,


–SPRI Taldeak bultzatutako ikastaro batean Tomás Elorriaga aholkulariak defendatu du plan estrategiko “ireki eta egiazkoak” egin behar direla.

–“Estrategia ona izan dadin, antolakundeko pertsona kopuru handi bati ireki behar zaio. Prozesu motela da, baina sakonagoa”

–Hamabost euskal enpresak parte hartu dute  Prestakuntza Directiv@21 ikastaroan eta denek uste dute plan estrategikoak beharrezkoak direla beren konpainietan.


“Enpresa baten estrategia hain da garrantzitsua, ezin dela utzi gutxi batzuen eskuetan,  alegia arduradunenetan”. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI enpresa agentziak bultzatutako Prestakuntza Directiv@21 ikastaroan, plan estrategiko “irekiak eta egiazkoak” egitea defendatu du Banpro aholkularitzako Tomás Elorriagak. Ekimen horren helburua da euskal enpresak berritzaileagoak eta lehiakorragoak izatea.

Hamabost bat konpainiak parte hartu dute Bilbon ostegun honetan egin den ikastaroan eta argi ikusi da bertan plan estrategikoak beharrezkoak direla enpresentzat. Parte-hartzaile guztiak ados jarri dira esatean plan horiek beharrezkoak direla  enpresa bakoitzak jakin dezan “norantz doan eta norantz joan nahi duen”. “Gainera ezkutu babesle bat ere bada, kredituak edo diru-laguntzak jasotzeko eskatu ohi dizutena. Eta norabide bat bilatzean segurtasuna ematen dizu”, adierazi dute enpresariek.

Tomás Elorriaga aholkulariak esan du estrategia-eredu elitistak baztertu behar direla eta azpimarratu du zeinen garrantzitsua den “B planak izatea eszenatoki desberdinetarako” . “Enpresan egin behar denari buruz hemezortzi ideia barik, oinarrizko lau ideia argi izatea da garrantzitsuena”. Aditu horrek azpimarratu duenez, “bezeroak sentitzen duena” jakin behar da, “ez esaten duena”, eta produktu ona orduantxe iristen da, “bezeroa benetan ezagutzen denean”, alegia. “Akats asko egiten dira estrategia prestatzeko behar den informazioa biltzeko orduan. Ongi legoke etengabeko informazio kanal bat egotea”.

Enpresentzako etorkizuneko estrategiak prestatzen daukan esperientzia handian oinarriturik, Elorriagak ondorioztatu du “errealismoa eta zehaztasuna” falta direla askotan. “Estrategia ona izan dadin, antolakundeko pertsona kopuru handi bati ireki behar zaio. Prozesu motela da, baina sakonagoa. Badu bere arriskua, esaterako zenbait zuzendaritza-karguk protagonismoa galtzea eta nola antolatzen duzun”. Baina bere iritziz, “ez da zaila” horrelako prozesu ireki eta egiazkoak egitea, “nahiz eta batzuk saiatzen diren informazioa gordetzen, nahiz eta botere borrokak ere izaten diren… Baina dena ere ez da opakoa”.

Elorriagaren ustez, garrantzitsua da joko-arauak aurrez hitzartzea, “galoirik ez egotea, dakienak erabakitzea”. Eta adibideak jarri ditu azaltzeko zer ez den gertatu behar inoiz: “Enpresa bateko kudeatzaileak estrategia egiteko prozesu batera gonbidatu ninduen konpainiako beste hamar lagunekin batera. Baina berak bakarrik hitz egiten zuen, berak erantzuten zien bere galderei eta berak idazten zuen akta. Gainerakoak joan eta bakarrik gelditu ginenean, esan zidan arazo bat zeukala, beste guztiek ez zutelako konpromisorik hartzen enpresarekin”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke