Europako Batzordeak aitorpena egin dio Eusko Jaurlaritzak sustatutako enpresa-guneen garapen sostengarriko ereduari

2014ko Urria 31,


Sprilurrek irailean jaso zuen ingurumen kudeaketako EMAS bikaintasun ziurtagiria
 
Europako GPP In practice (Green Public Procurement) buletinak eredu bezala aipatzen du SPRILURek sustatutako enpresa-guneen garapen sostengarriko eredua.
 
Sostengarritasuneko eta energi eraginkortasuneko irizpide eta jarraibideek nabarmen hobetzen dute inpaktua ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetan.
 
2015etik aurrera sustatzaileek, eraikitzaileek eta jabeek urbanizazioentzako DURBE bereizgarria jaso ahal izango dute.
 
Europako Batzordeak aitorpen bi egin dizkio aste honetan Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko eta SPRI Taldean integratutako SPRILUR sozietateari garapen sostengarrian oinarritutako enpresa-guneen bere kudeaketa ereduagatik.

Hala, batetik irailean ingurumen bikaintasuneko EMAS ziurtagiria jaso zuen enpresa-guneen garapen eta kudeaketagatik, eta Europa mailako aitorpena jaso du industria-guneen eraikuntza, birgaikuntza eta birdiseinuaren alorrean.

Bestetik, Europako Batzordeak positiboki baloratu du Sprilurrek bere enpresa-guneen garapen sostengarrian jarraitu duen prozesua, proiektua hasten denetik eta lanak bukatzen diren arte. Eta halaxe aitortu du bere GPP In practice (Green Public Procurement) 44. alean ( 2014ko iraila), non argitaratu diren Euskadiko enpresa-gune eta industrialdeetan aplikatutako kudeaketa eta garapen sostengarriko jardunbide egokiak, urbanizazio eta eraikinen Garapen Sostengarrirako Giden bidez gauzatu direnak.

EMAS-Ingurumen bikaintasuneko ziurtagiria

2013an Sprilurrek konpromisoa hartu zuen erakundeak urratsak eman zitzan ingurumen kudeaketako sistema aurreratuago baterantz abiatzeko (EMAS III). Zentzu horretan, ingurumen arloko baldintza eta irizpideak sartu dira poligono berrien urbanizazio eta eraikuntzan. Horrezaz gain, kontratazio eta erosketa eraginkorreko prozedurak txertatu dira kontsumo arduratsua sustatzeko erakunde barruan; eta ingurumen legeriari dagokionez, neurriak hartu dira energia eraginkortasuneko eta ingurumen inpaktua gutxitzeko.

Sprilurrez gain, dagoeneko badira Taldeko Azpiegituren Arloko beste hiru sozietate -Beterri Kostako Industrialdea, Urolako Industrialdea eta Arabako Industrialdea- bikaintasuneko maila gorena lortu dutenak. 2015erako gainerako Industrialdeak sozietateek ere badute asmoa EMAS ziurtagiria lortzeko.

DURBE-Urbanizazio eta birurbanizazio sostengarriko eta eraikuntza eta birgaikuntza arloko ingurumen bikaintasuneko bereizgarria

Ihobe-Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoaren laguntzarekin Sprilurrek argitara eman zuen 2010ean “Urbanizazio Proiektuen Garapen Sostengarrirako Gida”, urbanizazio proiektuen sostengarritasun integrala baloratzeko tresna.

Gida horretan daude azalduta urbanizazio proiektuetan aplikatu behar diren neurriak euren sostengarritasun maila handitzeko. Erabat onlineko tresna da, erraz kontsultatzeko modukoa eta baliagarria bai kontratazio publikoko prozesuetan eta bai proiektuen autobalorazioko prozesuetan.

DURBE bereizgarria osagai grafiko bisual bat da, sostengarritasun neurrien aplikazioa testatzen duena urbanizazio prozesuen diseinuan eta exekuzioan. Bi fasetan lortzen da: bata urbanizazio proiektua idaztean, eta bestea urbanizazio edo obren exekuzio fasean.

DURBE bereizgarria Eraikuntza eta Birgaikuntza Sostengarrirako Gidei lotutako eraikinen ziurtagiriarekin batera gauzatu da eta beti ere IHOBErekin lankidetzan.

Urbanizazio edota eraikuntza proiekturen bat sustatzen duten enpresa edo lizitatzaile publiko eta pribatuek eskura dituzte Sprilurren web orrian kontsulta daitezkeen dokumentu eta tresna espezifiko hauek: Urbanizazio Proiektuen Garapen Sostengarrirako Gida  eta Eraikuntzen Garapen Sostengarrirako Gida.

Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Euskadirako Garapen Sostengarriko 2020 Estrategiari jarraiki,  sostengarritasunerako eta energi eraginkortasunerako neurri eta irizpideak aplikatuz nabarmen hobetuko da inpaktua ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetan.

Bilbon, 2014ko urriaren 31ean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke