ES | EU


2014ko Azaroa 20


Prezi, Vizzuality, Alumn-e eta Paij GmdB startupetako fundatzaileek irabazi dituzte Europioneers sari ospetsuak. Europako Batzordeak urtero bultzatzen du sariketa hori Europako ekintzaile digital berritzaileenak hautatzeko.


Europioneers Awards lehiaketak 2014ko edizioko irabazleak jakinarazi ditu Dublinen egindako zeremonia batean. Europako Batzordeak Deloitte, European Young Innovators Forum eta HUB Institute-ekin batera antolatzen du sariketa, Europako ekintzaile digitalen belaunaldi berriek bultzatutako Web zerbitzu eta produktu onenak aitortzeko.

Peter Arvai hungariarrak , Prezi startup-aren fundatzaileak irabazi du Urteko Europako Web Ekintzaile Onenaren Saria. 2008an sortu zuen plataforma ezagun hori, aurkezpenak Internetez partekatzeko. Guillermo García espainiarrak Urteko Europako Ekintzaile Gazte Onenaren saria irabazi du Alumn-e proiektuari esker. Onlineko prestakuntzako ekosistema bat da, elkarrekin konbinatzen dituena ikastetxe eta enpresentzako plataforma bat, e-learning edukien produkzio-etxe bat eta Internet bidezko ikastaroen marketplace bat.

Javier de la Torre, Vizzuality startup-eko zuzendari nagusi eta fundatzaileak Hazkunde Handiena izan duen Urteko Web Ekintzailearen Saria irabazi du CartoDB produktuari esker. Kode irekiko software bat da, lainoan oinarritutako mapa interaktiboak egiteko aukera ematen duena. Zerbitzu horrek 50.000 erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan eta irailean 8 milioi dolar inguruko inbertsio erronda bat lortu zuen. Azkenik, Urteko Emakumezko Web Ekintzaile Onenaren Saria Sylvia Klein alemanak irabazi du, ordainketak online egiteko Paij aplikazio mugikorraren fundatzaile eta sortzaileak.

Azaroaren 5ean jakinarazi zituzten irabazleak eta ekitaldi hartan aukera izan zuten beren proiektuak aurkezteko 150 inbertsiogile, sektore digitaleko aditu eta agintari publikoren aurrean. Sarituek nazioarteko ospedun tutoreen laguntza jasoko dute eta finantzaketa eta inbertsio bide berriak izango dituzte beren enpresak handitzeko.