ES | EU


2014ko Abendua 22


Kubbit enpresak HorKonpon aplikazio mugikorra garatu du, hiriko espazioan gertatu diren kalteak edo hobekuntza proposamenak udalei modu errazean bidaltzeko tresna bat. Aplikazioa edozein herritan erabil daiteke gainera.


HorKonpon proiektuak hiritarren eta udalen arteko komunikazio zuzena ahalbidetzea du helburu eta horretarako sortu duten aplikazioa erabiliz bide publikoko arazoen berri eman daiteke, edo iradokizunak proposatu. Hasiera batean Pasaia, Orereta eta Hernaniko udalentzat sortu zuten tresna Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta udalek beraiek bultzatu zuten ekimena hiritarren ekarpenak jaso ahal izateko. Proiektua pixkanaka zabaldu egin da eta gaur egun aplikazioa EAEko beste edozein udalekin erabil daiteke.

HorKonpon aplikazioaren funtzionamendua oso erraza da. Nahikoa da aplikazioarekin argazki bat ateratzea -argazkiari aipamen bat ere erantsi dakioke- eta bidaltzea. Sistemak argazkiaren kokalekua detektatzen du sakelakoaren GPStik eta edukia posta elektronikoz bidaltzen du dagokion udalera. Kudeaketa sisteman HorKonpon aplikazioa integratu ez duten udalek iradokizun kutxan jasoko dituzte jakinarazpenak. Erabiltzaileek anonimoki bidali ditzakete argazkiak, baina telefonoa edo posta elektronikoa ere jar ditzakete udalak intzidentziarekin lotutako abisuak bidaltzea nahi badute.

Kubbit enpresa gipuzkoarrak garatu du aplikazioa, doakoa da eta iOS eta Android sistema eragileekin erabil daiteke. HorKonpon Administrazio kategoriako hiru finalisten artean dago BiscayApps 2014 sariketan, Psious eta Mutualia aplikazioarekin batera.