Imagine Creativity Center-ek konponbide berritzaileak bilatuko ditu kultura eta teknologia arloetarako

2014ko Azaroa 04,


Imagine Cultura Barcelona programa berri bat da, 12 lagun bilduko dituena hilabeteko epean, proiektu berritzaileak garatu ditzaten eta lau erronkari erantzun diezaieten. Imagine Creativity Center-ek antolatutako ekimena azaroan egingo da hiriko hainbat kultur zentrotan.


imagen spri tecnología

Adin eta jatorri desberdinetako dozena bat lagunek parte hartuko dute Imagine Cultura Barcelona proiektuaren lehen edizioan. Ekimen honetan lantaldeak hilabetez ariko dira lanean programa trinko baten barruan proiektu berriak garatzeko. 12 “dreamers” edo ameslariek ibilbide bat egingo dute kulturarekin, artearekin eta sormenarekin lotutako hiriko zentroetan barrena. Bidean, coach eta adituen aholkularitza jasoko dute, eta informazio horrekin antolakuntzak planteatutako lau erronkari erantzuten saiatuko dira: galeriak birpentsatzea; gazteak eta kultura; zientzia, kultura eta teknologia, eta azkenik kultura komunitarioa.

Diziplina anitzeko taldetan banaturik, parte-hartzaileek benetako proiektu bihurtu daitezkeen ideia disruptiboak bilatu beharko dituzte esparru horietarako, eta ideiez gain negozio eredua ere sortu beharko dute. Dena den, parte-hartzaileen sormena eta espiritu ekintzailea bultzatzea da ekimenaren helburu nagusia. Ibilbide trinkoa azaroak 10etik abenduaren 5era luzatuko da, eta azken egunean emaitzak aurkeztuko dituzte.

Imagine Creativity Center-ek antolatzen du Imagine Cultura Barcelona. Xavier Verdaguer katalanak Silicon Valleyn sortu zuen Imagine Creativity Center, zeinak metodologia berean oinarritutako Imagine Silicon Valley programa antolatzen baitu urtero. Uztailean egin zuten azkena 12 gaztez osatutako talde batekin. San Frantziskora joan ziren hilabetez beste lau erronkaren inguruko ideia berriak garatzeko: arduraz gidatzea, pertsona nagusien isolamendua, ura eta sare sozialetako segurtasuna.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke