ES | EU


2014ko Urria 09


Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendariak, Aitor Urzelaik, barnekintzailetzari buruzko bigarren jardunaldi informatzailean parte hartu du.

“Akatsak onartu beharra dago apustuaren parte direlako”, esan du Santiago Rementeriak, Arteche Taldeko Teknologiako eta Negozio Berrien Garapeneko zuzendariak.


“Ekintzaileei entzun nahi izan diegu beren iritziak planean jasotzeko”, segurtatu du Aitor Urzelaik Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Saileko Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizartearen zuzendariak. Urzelaik Bizkaiko Teknologi Parkean egin den ekintzailetzari buruzko bigarren jardunaldi informatzailean parte hartu du. Lehenbizikoa Gipuzkoan egin zen hilaren 9an eta hurrengoa Araban egingo da urriaren 14an.

Barnekintzailetza Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak hiru lurraldeetako Enpresa eta Berrikuntza Zentroekin (EBZ) batera zuzentzen duen “Jarduera Ekintzailea Babesteko Erakunde arteko Plan” berriaren apustu berezietako bat da.  Bere helburua da enpresa barruan negozio, produktu edo zerbitzu berriak sortzea, eta enpresa garapenerako bide arrakastatsuenetako bat da EAEkoa bezalako ekonomia aurreratuetan.

Aitor Urzelaik planaren ezaugarriak azaldu ditu, azpimarratuz planaren xedea dela negozio berriak sustatzea eta ekintzailetza txertatzea euskal enpresetan.  “Barnekintzailetza Sailaren apustu berezi bat da” esan du.

Juan Diegok, BEAZeko zuzendari nagusiak, zehaztu du barnekintzailetza plana 50 langiletik gorako enpresei zuzenduta dagoela bereziki, Euskadin 400 bat baitira horrelako enpresak eta esportazioen %90 ordezkatzen baitute.

Ekimenak iraungo duen 16 hilabeteko epean (2014aren amaieratik 2016aren hasierara arte) ekitaldiak antolatuko dira jardunbide egokiak hedatzeko, lan jardunaldiak adituekin, eta enpresei laguntza indibidualizatua eskainiko zaie proiektu zehatzak garatzeko.

“Bizkaian Arteche, Gestamp eta Cikautxo enpresekin egingo dugu”, esan du Juan Diegok.

Santiago Rementeríak, Arteche Taldeko Teknologiako eta Negozio Berrien Garapeneko zuzendariak, bere enpresak ekimen honetan izan duen esperientzia azaldu du. “Bada funtsezko fase bat: gaikuntza teknologikoa”. Eta azpimarratu du barnekintzailetzan “akatsak onartu beharrekoak direla, apustuaren parte baitira. Enpresa barruko ekintzailetzak merezi du, baina heriotza goiztiarren kopurua handia da.