ES | EU


2014ko Abendua 09


Getxo Osasunlab campusa doako proiektu bat da, Europako Kirolaren Hiria izendapena ospatzeko jarduera-programaren barruan dagoena. Sei astez egingo da urtarrilaren 26tik aurrera Fadurako garagardo fabrika zaharrean.


Posible da ekintzailetza kirolaren eta ongizatearen esparrura ere eramatea. Horixe da Getxo Kirolak ekimenaren helburua, zeinak doako campus bat antolatuko baitu sei astez esparru horretako gaitasun profesionalak hobetzeko eta proiektu ekintzaileak ugaritzeko.

Getxo Osasunlab proiektuak egitarau osotu bat eskainiko die hautatuei, aukera emanaz bizitza osasuntsu bat sustatzen duten gaitasun profesionalak eta sortzaileak eskuratzeko. Baina ez dira ideietara mugatuko, ideia horiek praktikan jarriko dituzte aholkularitza profesionalaren laguntzaz, parte-hartzaileek proiektua garatu eta taxutu dezaten. Espazio fisiko bat ere izango dute urtebetez, lehen urratsak emateko.

Metodologiari dagokionez, guztiz parte-hartzailea izango da, taldeko dinamiketan oinarritua. Ikaskuntzaren zati bat espazioa bera erreformatuz barneratuko dute, eta beste bat, berriz, De Amicitia GKEko kide diren beste herrialde batzuetako pertsonekiko bizikidetzaren bidez.

Campusa zabalik dago kirolaren, ongizate fisiko eta emozionalaren edo ingurumenaren esparruetan ekintzaile izan nahi duten pertsonentzat, baldin eta adinez nagusikoak badira eta ahal bada herrikoak. Aukeratutako hautagaiak urtarrilaren 26an hasiko dira prestakuntza jasotzen eta 2015eko martxoaren 6ra arte jarraituko dute, astelehenetik ostiralera, Fadurako garagardo fabrika zaharrean.