Garapenerako Amerika Arteko Bankuak Euskadiko kluster politika goraipatu du

2014ko Urria 27,


Banku multilateral horren urteroko argitalpenak nabarmendu du Euskadi izan zela “munduko lehenetakoa politika industrialetan kluster ikuspegia barneratzen”

 


Euskadiko kluster politikaren aipamen esklusiboa egin da Garapenerako Amerika Arteko Bankuak (BID) urtero kaleratzen duen argitalpenean, non atal espezifiko bat eskaini zaion Euskal Autonomia Erkidegoari. Banku hori munduko banku multilateral nagusienetako bat da, garapen bidean dauden herrialdeetako proiektuak finantzatzen ditu eta irailean koaderno bat argitaratu du aztertzeko nola birplanteatu beharko litzatekeen produkzio garapena.

Kluster politikari buruzko ataletako batean gainbegiratu bat egiten dio herrialde aurreratuenen garapenari eta ahotan hartzen ditu, besteak beste, Estatu Batuak, Italia, Danimarka, Eskozia, Katalunia eta Euskadi. Euskadiren aipamen espezifikoa egiten du eta azpimarratzen du “munduko lehenetakoa izan zela politika industrialetan kluster ikuspegia barneratzen, Katalunia eta Eskoziarekin batera”.

BID-en argitalpenean esaten da Eusko Jaurlaritzaren programak “behetik gorantz funtzionatzen zuela kluster bakoitzeko enpresekin”, beren eskaerak identifikatuz. “Gero sektore publikoak eskaera-seinale horiek baliatzen zituen berrikuntza sustatzeko instrumentuak birmoldatzeko, konpainien eskaera espezifikoetara egokitu zitezen”.

BID-ek nabarmendu du EAEko kluster programak 20 urtetik gora dituela eta “oso egonkorra izan den arren, eboluzionatu egin duela euskal ekonomiaren egiturazko aldaketei aurre egiteko”. Dokumentuan esaten da orobat Euskadik “Espainiak baino emaitza hobeak izan dituela ia adierazle garrantzitsu guztietan, eta neurri batean Europak berak baino hobeak ere bai. Gaur egun Euskadiko per capita BPGa EB-15eko batez bestekoa baino handiagoa da”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke