Euskadi Europako abangoardian dago 4. Iraultza Industrialean

2014ko Abendua 05,


Wahlster irakasleak argi esan du Euskadi dela 4.0 industria lideratzeko gaitasun eta potentzial handienak dituen Europako herrialdeetako bat.

Aukera bikaina da lanpostu berriak sortzeko.

Produkzio industrial berria berdea eta urbanoa izango da, eta ez du isuririk sortuko


Alemaniako Adimen Artifizialeko Ikerketa Zentroko (DFKI) zuzendariak, Wolfgang Wahlster irakasleak, argi esan du Euskadi dela Alemaniarekin batera  produkzio industrialeko eredu berria, hots, 4. iraultza industriala edo 4.0  industria lideratzeko gaitasun eta potentzial handiena duen Europako herrialdeetako bat. Hainbat argudiorekin berretsi du egiaztapen hori, esaterako esan du “Euskadik baduela fabrikazio arloko tradizioa, enpresa deribatu onak eta ikerketa eta IKT arloko zentroak. Nire ustez oso posible da Alemaniarekin batera iraultza industrialaren lider izatea Europa osoan, argi baitago Alemaniak berak bakarrik ezin duela hartu zeregin hori bere lepo gainean”.

Arantza Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, hauxe aurreratu zuen urrian Bilbon egin zen Basque Industry 4.0 ekitaldian, 700 aditu baino gehiagoren aurrean: “laugarren iraultza industriala bizi dugu”, IKTek eta elektronikak prozesu industrialak automatizatu dituztelako, eta orain “definitu behar dugu zein eta nolakoa izango den Fabrika Adimenduna, etorkizuneko produkzio industrialaren oinarri izango dena”.

Gainera, 4.0 industria aukera paregabea da enplegua sortzeko, zeren 4. iraultza industriala lideratzeak berekin baitakar enpresak sortzea eta lehendik zeudenak eta lehengo lanpostuak mantentzea. Gure enpresak digitalizatzearen aldeko apustua egiten badugu, lehiakorrago egingo ditugu eta gai izango dira mundu globalizatuan lehiatzeko. “Pentsa zitekeenaz oso bestela, –zioen Tapiak– logikoki, euskal industriak orain arte behar izan dituenak adina giza baliabide beharko ditu. Hori bai, Euskadiko 4.0 Industriak goi-mailako kualifikaziodun pertsonak beharko ditu, behar adinako espezializazio maila dutenak, lider izateko gai direnak eta euskal industriaren ingurune zibernetikoa zuzenduko dutenak. Industria honek ez ditu pertsonak baztertzen, ezta gutxiagorik ere; pertsona-makina arteko harremanak ezinbestean beharko ditu goi-mailako kualifikaziodun langilez osatutako giza-taldeak. Aukera aparta dugu profil oso zehatz eta espezializatuentzat enplegua sortzeko, eta aukera bikaina da gure gazteen etorkizunerako”.

Wolfgang Wahlster-en iritziz “oso garrantzitsua da automatizazio industrialaren hurrengo mailara iristea”. Bere ustez horixe da formula onena produkzio sektorea mantentzeko nola Alemanian hala Europako gainerako herrialde aurreratuenetan, eta baita ere gai izateko teknologia hori beste herrialde batzuetara esportatzeko, lider bihurtuz 4.0 industriaren transferentzia prozesuan.

Ikuspegi humanotik, “hau guztia oso garrantzitsua da gure langileentzat, gure gizartea gero eta zaharragoa baita: gure asmoa da langileek urte gehiagoz lan egin dezatela fabriketan eta horretarako laguntza eman behar diegu. Gainera, produkzio berde eta urbanoa lortu nahi dugu, hau da, isuri gabekoa”.

Dirudienez, Euskadi hautagai sendoa da Alemaniarekin batera lideratzeko automatizazio industrialeko eredu berri baten garapena. “Nire ustez Euskadik produkzio egitura oso ona du, eta, esan bezala, badu fabrikazio sektoreko tradizioa. Jendeak badaki zer den gogor lan egitea eta lan-esku paregabea duzue. Gainera toki atsegina da, ongi legoke bi herrialdeen arteko lankidetza estutzea”.

Marko horretan, Wahlster irakasleak euskaldunoi eskatu digu har dezagula geure gain paradigma berriranzko bide horretan dagokigun erronka. “Zuen potentziala garatu behar duzue lanpostu berriak sor daitezen Europa osoan eta gehiago esportatu dadin”.

 


 

Alemania eta Euskadiren arteko elkarrizketa 4. iraultza industrialari buruz. Euskadi Europaren abangoardian

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke