Eranet, nazioartekotzeko laguntza europarrak

2014ko Azaroa 25,

imagen spri internacionalización

Eusko Jaurlaritzak giltzarri batzuk azaldu ditu 301 erakunderi  dagoeneko 360 milioi euro banatu dizkien I+G+b-ren aldeko programa batean sartzeko.

“Bizpahiru urteko proiektuak dira eta oinarrizko elementua lankidetza da”, aipatu du Teknologia eta Estrategiako zuzendari Leire Bilbaok.  

Goizper enpresak, programaren onuradunetako batek, adierazi du laguntzak jasotzeko merkatuko arazo bat konponduko duen proiektu bat garatu behar dela.


Europako Eranet programa, nazioartekotzeko asmoa duten enpresentzako I+G+b-ko laguntzak ematen dituena, aukera bikaina da negozio berriak eta hazkunde bideak bilatu nahi dituzten euskal konpainientzat. Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak, SPRI-enpresa garapenerako agentziaren bidez, jardunaldi bat antolatu du astearte honetan Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan, bertaratu guztiei azaltzeko nola lortu 301 erakunderi 360 milioi euro banatu dizkieten laguntza horiek 2015eko ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzako Teknologiako eta Estrategiako zuzendari Leire Bilbaok EAEko eta Europako enpresen arteko lankidetza bultzatzen duen tresna horren onurak azaldu ditu. Bizpahiru urteko proiektuak dira. Nazioz gaindiko laguntzak dira, baina sinpleagoak. Tamaina ez da eragozpena, baina oinarrizko elementua lankidetza da”, azpimarratu du. Bilbaok aipatu du Eusko Jaurlaritzaren helburua dela 800 proiektutan parte hartzea. “2006tik hona gure Sailak 136 proiektu onartu ditu”.

Jardunaldian zehatz-mehatz azaldu zaie bertaratuei –enpresetako zuzendaritzako karguei, aholkularitzei…- nolako laguntzak tramitatzen diren Eranet programaren bidez, zeina arlo estrategiko hauetan zentratzen baita Euskadin:  fabrikazioa, bioteknologia, materialak, garraioa, energia ozeanikoak eta  segurtasun industriala.

Energiaren Euskal Erakundeko Natalia Diez de Arcayak Oceanera programa izan du hizpide. Programa horrek itsas energiaren sorkuntzarako teknologia berrien ikerketa eta garapena sustatzen du. Diez de Arcayak aipatu du deialdi honetan 7 milioi euroko laguntzak banatuko direla eta Euskadik 1,5 milioi euro jarriko dituela.  “Oso argi izan behar da proiektuaren ideia eta bazkide bat eduki behar da atzerrian, baina benetako premia bati erantzun behar zaio”.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Institutuko María Nieves de la Peñak segurtasun industrialaren ikerketari buruzko Safera programa azaldu du. Osalanek askoz jota 50.000 euroko ekarpena egingo du eta aipatu du “ETEek ez eze, edozein ikerlari edo pertsona fisikok parte har dezakeela”.

Jardunaldian Eranet programaren onuradun izan diren euskal enpresen bi kasu aurkeztu dira. Automozioaren sektorean lan egiten duen Goizper enpresako zuzendari teknikoak, Mikel Mondragonek, azaldu du laguntzak eskatu zituztela “merkatuko arazo bategatik, disko-balazten eta enbrageen zaratagatik”. Eranet programan sartzeko Europako beste lankide bat behar da eta Eslovakiako bi fabrikatzailerekin elkartu ziren. “Urratsez urrats jarraitu beharreko prozesu bat da. Abantaila bat da partzuergoa txikia dela, aski baita bi herrialderekin. Hizkuntza desabantaila bat da, prozesu osoa ingelesez garatzen delako. Badira beste abantaila batzuk ere: bazkideen ezagutza eskuratzen da, Europan sartzeko aukera ematen dizu eta finantzaketa hobea lor dezakezu”. Arrakastaren giltzarrien artean aipatu du merkatuko arazo bat konponduko duen proiektua aurkeztu behar dela, “ebaluatzaileak ulertu dezan eta ez dadin arazo bat izan enpresarentzat. Lankidetzan jardun behar da zentro teknologikoekin eta unibertsitateekin eta jakintza eta arazoak partekatu, baina, oroz gain, ekin egin behar zaio.

Beste kasu arrakastatsua produktu oftalmologikoak fabrikatzen dituen AJL Ophthalmic enpresarena izan da. Ivan Álvarezek, enpresako Kalitateko arduradunak, azaldu du Eranet programan parte hartzeko aurkeztu zuten proiektuaren bidez begi barneko lente bat garatu zutela hurbileko eta urruneko ikusmen arazoa konpontzeko. 2012an aurkeztu ziren lau bazkiderekin, bat Portugalgoa (Minho Unibertsitatea), eta esan du “proiektu hauek errazago gauzatzen direla. 50 laguneko enpresa bat gara eta guk egin badugu, zuek ere egin dezakezue”. “Aukera ematen dizu beste bazkide batzuekin kontaktuak egiteko, jakintza eskuratzeko eta teknologikoki aberasteko”.

Arturo Antón Entreprise Europe Network-eko partzuergoko koordinatzailea da SPRI Taldean eta aipatu du Eraneten sartzeko “argi eta garbi justifikatu behar dela zein den proiektuaren azken emaitza eta espero den inpaktua baloratu behar dela. Proposamenak argia, zehatza eta osoa izan behar du”.


Jardunaldiaren aurkezpenak

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke