ES | EU


2014ko Abendua 02


Bilboko Relevo Videogames estudioak egin du Baboon!, PlayStation kontsolarako Euskadin garatu den lehen bideojokoa.


Garapen fasea bukatu ondoren, estetika japoniarra duen joko bat lortu dute, plataforma, puzzle eta abentura generoak konbinatzen dituena.





Baboon! jokoaren protagonistak Tumbili du izena; tximu txiki bat da, bonbak erabiltzen dituena jauzi egin eta platanoak eskuratzeko. Istorio honetan Tumbilik uhartea esploratu beharko du eta pertsonaia exotiko mordoa aurkituko ditu bidean, esaterako, pinguino hegalariak, erle erreginak edo tximu piratak, eta ekintzazko erronka guztiak gainditu beharko ditu. Relevo Videogames estudioak garatutako joko honetan, genero desberdinak nahastu dituzte, halaxe azaldu du Jon Cortázar estudioko fundatzaile eta zuzendariak: “jokoaren kontzeptua oso orijinala da, genero bakarra hartu beharrean jolasteko modu desberdin bat sortu dugu abentura, puzzleak, trebetasuna eta plataformak konbinatuz”.

Baboon! izan da PlayStation ziurtagiria eskuratu duen lehenengo euskal jokoa. Azken urte eta erdian Relevo Videogames estudio bilbotarra buru-belarri ibili da lanean bigarren mailako 52 pertsonaia eta erronka maila ugari dituen istorio bat garatzeko, eta 5 hizkuntzatan merkaturatuko dute laster. Bideojokoaren indar-gune gisa aipatu daiteke Hideyuki Fukasawa konposatzaileak (besteak beste, Street Fighter IV jokorako lan egin du) zuzendu duen soinu banda duela.

Relevo Videogames estudioak amaitu du Baboon! jokoaren garapen fasea eta orain PlayStation lantaldearen kalitate kontrolerako prozesua amaitzea baino ez da falta. “Argi berdea eman zain gaude eta uste dugu abenduaren erdi aldera merkaturatzeko lanetan hasteko moduan izango garela” azaldu du Jon Cortázarrek. Bilboko estudioak kontsoletarako bideojokoen esparruan egin duen lehen sorkuntza da, izan ere orain arte web eta sakelakoetarako jokoetan espezializatuta zeuden, baina Baboon! jokoaren arrakasta ikusi ondoren, dagoeneko hasi dira PlayStation 4 kontsolarako beste bideojoko bat pentsatzen.