Euskadik baldintza abantailatsuak ditu laugarren iraultza industrialari aurre egiteko

2014ko Urria 15,


Estibaliz Hernáezek, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak, “Basque Industry 4.0. Fabrika adimenduna” jardunaldiaren ondorioak laburtu ditu.

Paradigma industrial berri hau baliagarria izan daiteke erronka global handiei erantzuteko eta konponbideak emateko bizitzaren hainbat alderditan, eta hori guztia produktibitatea eta eraginkortasuna hobetuz eta energiaren edo lehengaien kontsumoa murriztuz.

 4.0 industria hedatu nahi badugu, lan egin behar dugu azpiegituren arloan (banda zabala), Interneteko informazioaren segurtasunean eta giza baliabideen gaikuntzan.

 Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du industria, berrikuntza eta teknologia euskal ekonomiaren ardatz bihurtzeko konpromisoa.


Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estibaliz Hernáezek eman dio amaiera gaur Bilboko Euskalduna Jauregian egin den “Basque Industry 4.0. Fabrika adimenduna” jardunaldiari. Jardunaldi horretan “Laugarren Iraultza Industriala”ren inguruko adituak elkartu dira, eta baita ere euskal ekonomiako hogei bat sektore desberdinetako 700 ordezkari baino gehiago. Topaketaren ondorioak laburbiltzean, sailburuordeak adierazi du “sinetsirik dagoela, gaur egun ditugun baldintzei esker, etorkizunean arrakastazko eszenatokia izan dezakegula Euskadiko industriaren eta lehiakortasunaren esparruetan“. Zentzu horretan, hauxe esan du: “badakigu bide zuzenean goazela, industriaren ikuspegitik punta-puntan dabiltzan herrialdeen bide berean”.

Hizlariek egin dituzten ekarpen garrantzitsuenak laburbiltzean, Estibaliz Hernáezek aipatu du “4.0 Industriaren abantailak fabrikazioarekin lotutako konponbide zehatzetatik harago doazela, izan ere, balio-kate osoaren eta produktu baten bizi-ziklo osoaren kudeaketaz ari gara hizketan”. Era berean zehaztu du paradigma industrial berri hau baliagarri izan daitekeela erronka global handiei erantzuteko eta konponbideak emateko bizitzaren hainbat alderditan, hasi ekonomia produktibotik eta osasuneraino zerbitzu sozialetatik igaroz, eta hori guztia, produktibitatea eta eraginkortasuna hobetuz eta energiaren edo lehengaien kontsumoa murriztuz.

Teknologiako sailburuordearen iritziz, 4.0 industriaren etorkizunak lau esparru garrantzitsu hauetan lan egitea eskatzen du: azpiegitura egokiak, makinak banda zabalaren bidez komunikatu daitezen; erabateko konfidentzialtasunarekin lan egiteko aukera emango duten marko juridikoa eta segurtasuna; giza baliabideak eta horien gaikuntza, goi-mailako kualifikazioaren eta prestakuntza bereziaren bidez; antolakuntza eredu berriak; eta, azkenik, proiektu eta tresnen bideragarritasun ekonomikoaren analisi zorrotza. Zentzu horretan, Estibaliz Hernáezek berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak konpromiso tinkoa hartu duela industria, berrikuntza eta teknologia euskal ekonomiaren ardatz bihurtu daitezen.

Hizlarien hitzaldiak

Ondorioen laburpenekin hasi baino lehen, hainbat hizlarik hitz egin dute 4.0 industriari buruzko beren ikuspegiak azaltzeko. Industriarako joera berrien arloan ondoko hauek parte hartu dute: UPV/EHUko Aitzol Lamikizek Fabrikazio Gehigarria izan du aztergai; Tecnaliako Marta Gonzálezek Big Data; IK4 Research Alliance-ko Iñigo Barandiaranek Errealitate Handitua; IK4 Research Alliance-ko Loreto Susperregik Ikusmen Artifiziala; Ibermáticako Juan José Galdósek Cloud Computinga; eta Tecnaliako Joseba Lakak sistema ziber-fisikoak.

– Aitzol Lamikizek Fabrikazio Gehigarriaren alderdi garrantzitsuenak azpimarratu ditu,  3D inprimagailuak direlarik teknologia horien adibide bat. Patenteen iraungipena, software librez garatutako teknologia baten zabalkundean sortutako “efektu birala”, eta bere transbertsalitatea, fabriketan, prestakuntza zentroetan, ospitaleetan, I+G-ko zentroetan eta abarretan aplikatzen dena. Prozesuen integrazioa, serieko produkzioa eta jabetza intelektualarekin lotutako arazoak dira teknologia horren inguruan oraindik konpontzeke dauden zenbait kontu.

– David Sánchezek esan du hemendik gutxira Errobotika Kolaboratiboa lehiakortasuneko faktore garrantzitsu bihurtuko dela, aukera emango duelako eskabide handiko eta aldi berean oso pertsonalizagarriak diren piezak automatizatu eta fabrikatzeko. Inbertsioaren itzulerak errentagarriagoak izango dira eta automatizazio adimenduneko fabrikak konfiguratuko dira, pertsonarengan oinarrituko direnak alegia, eta fabrika horietan errobotak langileari egokituko zaizkio.

– Marta GonzálezekBig Data kontzeptua definitu du esanez datu egituratu eta ez-egituratuzko multzo ikaragarri handi bat dela, handiegia eta konplexuegia datu-base eta software tradizionalarekin prozesatzeko. Teknologia horrek aukera berriak ematen dizkie enpresei erabaki hobeak hartzeko datu hetereogeneozko multzo handi horretatik abiatuta.

– Iñigo Barandiaranek hizpide hartu du Errealitate Handitua eta esan du aukera ematen duela makina, produktu eta pertsonek sortutako datuen konbergentzia egiteko,  teknologia horren erabiltzaileari kontestualizatutako eta egokitutako informazioa ematen duela eta balio erantsiko zerbitzu berriak sortzen dituela. Halaber, teknologia transbertsala da eta produktuaren bizi-ziklo osoa estali dezakeena.

– Loreto Susteperregik Ikusmen Artifiziala deskribatu du esanez oinarrizko teknologia produktibo bat dela produktu berriak diseinatu eta inplementatzeko nahiz fabrikazio prozesu berriak planteatzeko, lagungarri izan daitekeela fabrikan gerta daitekeen edozein egoera detektatu eta jakinarazteko,  eta hartara zero akats izateko, predikitibilitatea eta trazabilitatea hobetzeko, errobotikaren integrazioa errazteko e.a. Sistema azkarragoak eta fidagarriagoak dira, etengabe funtzionatzen dutenak eta errendimendu handiko Fabrika Adimendunaren kontzeptua gauzatzen laguntzen dutenak.

– Juan José Galdósek esan du CloudComputingeko sistemak jada errealitate bat direla eta abantaila handiak dituztela eskalagarritasunean, kalitate eta zerbitzuaren bermeari dagokionean, segurtasunean eta legeriaren betepenean, batez ere datuen babesaren arloan. Bestalde, Galdósek aitortu du I+G-aren garapen handiagoa behar dela 4.O Industrien kontzeptua zabaltzeko, eta erronka hori etorkizun hurbilean lortuko dela, inplikatutako eragile guztien laguntzarekin.

– Bukatzeko, Joseba Lakak adierazi du sistema ziber-fisikoak (CPS ingelesez) sistema txertatuen belaunaldi berri bat direla, denbora errealean txertatutako sistema bat, prozesu fisiko batean ez ezik esparru itxi batean ere lan egiten duena eta bere erantzuna aldatzen duena prozesu horren baldintzen, parametroen  eta aldagaien arabera. AEBek eta Alemaniak lideratutako apustu handi bat da. Lakak aipatu du CPS edo sistema ziber-fisikoek negozio aukera ikaragarri handiak dakartzatela azken bezeroarentzako produktuaren egokitzapenari eta pertsonalizazioari dagokionean.

Gero, mahai-inguru bat egin da 4.0 Industriak Euskadiri dakarzkion erronka eta aukeren inguruan, eta mahai-inguru horretan parte hartu dute Agustín Sáenzek (Tecnalia), Jorge Posadak (IK4 Research Alliance), Antxon Lópezek (Danobat), Alfonso Ganzabalek (Sisteplant) eta Patricia Tamések (Invema-AFM), Tomás Iriondo  (Gaia) izan delarik moderatzailea.

Arratsaldeko saioan, hizlariek beren ezagutza-arloei buruzko sei tailer emango dituzte.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke