ES | EU


2014ko Azaroa 26


Battle for Gea Euskadin garatu den Interneterako lehen karta-jokoa da eta Errusiako merkatura sartu da bere nazioartekotze estrategiari jarraiki. Soilik lehenengo astean 5 aldiz biderkatu du bere jokalari kopurua, 200.000 erabiltzaileraino iritsi delarik.


Battle for Geaonlineko karta-joko bat da. Joko horretan jokalari bakoitzak bere karta bilduma du eta denbora errealean lehiatzen da mundu osoko aurkariekin armada arteko borroketan. Iron Belt Studios konpainia bilbotarrak garatutako joko hori iaz merkaturatu zen eta une honetan beren nazioartekotze estrategian murgilduta daude. Errusia izan da konkistatu duten azken herrialdea. “Errusiako merkatua dagoen eta interesgarrienetako bat da karta bildumen jokoentzat” azaldu du Axier Burdain, Iron Belt Studios konpainiako fundatzaile eta komunikazio arduradunak “asko atsegin dituzte han eta gainera jokalari errusiarrak ohituta daude joko barruan erosketak egitera”.

Iron Belt Studio konpainiak akordio bat sinatu du berriki Errusiako publisher batekin Battle for Gea sustatzeko hango hiru sare sozialetan eta emaitza bikainak eman ditu: “hiru plataformetako batean hasi gara lanean eta soilik lehenengo astean bost aldiz biderkatu da gure erabiltzaile bolumena” azaldu du Axierrek, “eta hori hiruretatik txikiena dela”. Dagoeneko 200.000 erabiltzaile dituzte eta milioi erdira iristea espero dute jokoa bigarren sare sozial errusiarrean plazaratzen denean. 2015aren erdialderako milioi bat jokalari baino gehiago izatea espero dute.

Battle for Gea “Free to Play” modalitateko joko bat da; erabiltzaileek dohainik jokatzen dute eta hobekuntzak edo ordainsariak eskuratu ditzakete borrokak irabaziz edo erosketa txikiak eginaz. Errusian merkaturatzeaz gain, Iron Belt Studios konpainiak akordio komertzialak lortu ditu jokoa beste herrialde batzuetan banatzeko, hala nola Estatu Batuetan, Kanadan, Espainian, Italian eta Portugalen. Orain negoziatzen ari dira sustapena Europako gainerako herrialdeetara eta Hegoamerikara zabaltzeko.