Internetera konektatutako gailuen %60 sakelakoak eta tabletak dira

2014ko Abendua 16,

imagen spri TEICS

Pantaila anitzez osatutako mundu baterantz goaz, non gero eta denbora gehiago eskainiko baitiegu gure smartphone eta tabletei. Business Insider aldizkariak egin duen “The Future of Digital” txostenaren arabera, Interneteko trafikoaren %25 mugikorra da. Belaunaldi berriek telebista aurrean baino 4 aldiz denbora gehiago ematen dute Interneten.


Onlineko gailuen %60 smartphone edo tabletak dira, eta Interneteko trafikoaren %25 inguru hartzen dute. Gero eta arreta gehiago eskaintzen diegu gailu mugikorrei, eta The Future of Digital 2014 txostenak frogatu du joera hori are markatuagoa dela belaunaldi gazteen artean. 55 urte baino gehiagoko pertsonek telebistarekin betetzen dute komunikabideei eskaintzen dieten denboraren erdia baino gehiago. Aldiz, zifra hori %10era jaisten da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, sakelakoari eskaintzen diotelarik beren denboraren %45. 16 eta 44 urte bitarteko hiritarrek dagoeneko Interneti ematen diote bere arretaren erdia baino gehiago PCen, eramangarrien, tableten edo smartphone-en bidez.

Business Insider aldizkariak egin duen The Future of Digital 2014 txostenaren arabera, etorkizuna mugikorrena izango da, batez ere Android-ena. Gaur egun munduko smartphone-en %85 eta tableten %65 inguruk dute Android sistema eragilea, eta horixe da garatzaileek gehien erabiltzen dutena, %42ak iOS sistema baino (%32) nahiago baitu. Zifra horietatik abiatuta txostenaren arduradunek aurreikusi dute laster Google Play Store dendak diru-sarrera gehiago izango dituela Apple Store-k baino.

Business Insider aldizkariko analistek azpimarratu dute “hazkunde digitala mugikorretatik etorriko dela”, izan ere joerak argi erakusten du bat-bateko mezularitzako aplikazioak, sare sozialak eta bideo mugikorrak hazten ari direla. Bideo digitalek 10.000 milioi dolar baino gehiagoko diru-sarrerak sortzen dituzte, eta horietatik erdia Youtube kanalarentzat dira. Zifra horiek oraindik urrun daude telebistako publizitateak sortzen dituen 174.000 milioietatik, baina belaunaldi berriak hasiak dira joera aldatzen.

Azkenik, azterlanak erakusten du etorkizunean auto konektatuak eta etxe adimendunak izango ditugula, batez ere energia eraginkortasunean eta segurtasunean zentratutako gailuen bidez. Wearable gailuak ere hedatuko dira, baina ez espero bezainbeste, ez behintzat etorkizun hurbilean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke