ES | EU


2014ko Azaroa 04


Ikerketa genetiko eta teknologia arloetako espezialistak Bilbon elkartu ziren urriaren 27an, “Aurrerapenak genetika eta gizarte-teknologian mendeko pertsonen arretaren arloan” jardunaldian. Topaketa horretan erakutsi ziren nolako aurrerapenak lortu diren Síndrome de Dravet Fundazioak bultzatutako EIC BBK osasun arloko ikerketa zentroan.


(eHealth Innovation Center) zentroan askotariko berrikuntza teknologikoak garatzen dituzte endekapenezko gaixotasunak dituzten pertsonen eta beren familien bizitzak hobetzeko. Síndrome de Dravet Fundazioak BBKren laguntzarekin sortutako ekimena duela urtebete jarri zen martxan eta urriaren 27an jardunaldi bat antolatu zuten, batetik, zentroko proiektuak aurkezteko eta, bestetik, ikerketa genetikoan eta teknologia sozialean eman diren aurrerapenak erakusteko.

EIC BBK-k konponbide teknologiko berriak sustatzen ditu Dravet sindromea eta antzeko patologiak dituzten pertsonentzat. Eta Ana Zorrillak, EIC BBK zentroko zuzendariak, aurkeztu zituen zentroan garatu dituzten bi berrikuntza. Lehena gaueko konbultsioak detektatzeko gailua da. Sistema Kinect 2.0 teknologian oinarritzen da eta senitarteko edo zaintzaileei abisatzen die gauean epilepsia atakeak gertatzen direnean. Bigarrenak Inclusive Smart School du izena eta atzerapen kognitiboa edo ezintasuna duten haurrak eskolan integratzeko ikasgela bat da. Proiektua irailean inauguratu zen Donostiako Axular Lizeoan.

imagen spri tecnología

EIC BBK

Aurrerapenak genetikan eta gizarte-teknologian mendeko pertsonen arretaren arloan topaketan hainbat adituk parte hartu zuten, besteak beste, Julián Islak, Síndrome de Dravet Fundazioko presidenteak eta Pablo Lapunzinak, Madrileko Genetika Mediku eta Molekularreko Institutuko zuzendariak. Azken horrek Genetic Test proiektua aurkeztu zuen, gaixotasunak adin goiztiarragoetan detektatzeko froga bat. Bestalde, Oscar Sanz Microsoft Ibérica enpresako Osasun arloko zuzendariak teknologia berriez hitz egin zuen. Esan zuen potentzial handia dutela mendekotasuna duten pertsonen zaintzarako eta Xbox Kinect aparatua jarri zuen adibide bezala.

Dravet sindromea entzefalopatia epileptiko bat da, haurrak urte bat bete baino lehen agertzen da eta sintoma larriak eragiten ditu, hala nola krisi epileptikoak eta adimen ezintasun larria. EIC BBK zentroa Izarra Centre udal eraikinean kokatuta dago, hots, Ermuko Udalaren eraikin teknologiko eta enpresa haztegian.