Datik-ek errepideko segurtasuna eta energia-kontsumoa hobetzeko prestatu duen teknologia aurkeztu du

2014ko Abendua 19,

imagen spri TEICS

Datik enpresa gipuzkoarrak Autobusaren eta Autokarraren Nazioarteko Azokan (FIAA) aurkeztu berri ditu, informazio eta komunikazio teknologietan oinarrituta eta garraioaren segurtasuna eta energia-kontsumoa hobetzeko asmoz garatu dituen soluzio teknologikoak. Zerbitzu hauek funtzionamenduan daude jadanik Donostian eta Madrilgo Autonomia Erkidegoan.


Datik-ek errepide bidezko garraio sektoreari irtenbide berriak eskaintzeko moduko bi garapen aurkeztu ditu, Madrilen antolatu berri den FIAA azokaren barruan. Bata, MagicEye izenekoa, gidatzearen segurtasuna areagotzea ahalbidetuko duen sistema da; eta bestea, Eco-Assist delakoa, erregai-kontsumoa optimizatzeko metodoa.

Autobusetarako eta industria-ibilgailuetarako diseinatutako MagicEye sistemak gidariaren nekea, karriletik nahi gabe atera izana edota segurtasun-tartea mententzen ote den goiz detektatzeko aukera ematen du. Sistema honek kamera bat, radar bat eta GPS bat erabiltzen ditu informazio jasotzeko, eta arriskua detektatuz gero, horrexen berri ematen dio gidariari. Sistema hau, Julian de Castro garraio-konpainiak Madrilgo Eskualdeko Garraio Partzuergoan kudeatzen dituen sei hiri-arteko lineetan aplikatzen ari da.

Bestalde, Eco-Assist soluzioa errepide bidezko joan-etorrietan erregai kontsumoa murriztea ahalbidetzen duen zerbitzua da. Sistemak abiadura egokia aztertzen du, eta horretan oinarrituta, erregaia aurreztea xede duten jarraibideak eskaintzen dizkio gidariari, eta abisua ere ematen dio abiadura gainditu duenean, motorrean behar baino biraketa gehiago dagoenean, ralentian edo azelerazioan denbora gehiegi egin denean edo ezusteko balazketak daudenean. Dbus Donostiako hiri-autobusen konpainiak abuztuan abiarazi zuen sistema hau bere ibilgailu-flotan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke