Txinak kalitatea lehenetsi nahi du bere hazkundean eta ez kantitatea

2015ko Apirila 28,

spri_internacionalizacion_intergune
Asteartean, SPRIren atzerriko sareko ordezkarien eta enpresarien artean egindako bilera pertsonalak

SPRI Taldeak euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko antolatu duen Intergune2015 foroaren bigarren jardunaldian Txinaren bilakaera izan dute aztergai. “Hazkunde azkarreko produkzio handien ordez produkzio espezializatuagoa sustatu behar da sektore berrietan” dio Mikel  Yang-ek, SPRIk Txinan duen bulegoko ordezkariak. Iran, jardunaldian aztertu den beste herrialdea, “prest dago berriro negozioak egiteko” dio Afarinesh Sarmad-ek, Arhax aholkularitzako Europarako zuzendariak. Atzerriko 400 konpainiek zuzenean inbertitzen dute Iranen


SPRIren Txinako bulegoko ordezkari Mikel Yang-ek adierazi duenez, Txinak kalitatea lehenetsi nahi du bere hazkunde prozesuan eta ez kantitatea. “Hazkunde azkarreko produkzio handien ordez produkzio espezializatuagoa sustatu behar da sektore berrietan, eta ETE eta mikroETEek paper garrantzitsua joka dezakete langintza horretan”. Intergune 2015 foroaren bidez euskal enpresariek jakin dezakete beren proiektu eta ekimenek baduten aukerarik atzerrira irteteko eta foroaren bigarren jardunaldi honetan aztergai izan dute zein negozio aukera dauden Txinan euskal enpresentzat.

SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) antolatutako foro honetan, konpainiek bertatik bertara galdetu, egiaztatu eta aztertu ditzakete beren negozio proiektu eta ekimenek baduten aukerarik gure mugetatik kanpo irteteko, eta nolanahi ere badakite Eusko Jaurlaritzaren laguntza dutela nazioartekotzeko.

Mikel Yang-ek azaldu bezala, Txinak azken 24 urteetako hazkunde txikiena izan zuen iaz, %7,4koa. Txinako hiru eragile ekonomiko nagusiak inbertsioa, esportazio eta kontsumoa dira. Iazko esportazio zifren hazkundea %3,4koa izan zen, espero zenaren erdia alegia. Txinako barne kontsumoa, zeinak %50etik gorako ekarpena egiten baitio BPGri, %10,9 hazi zen, 2013an baino sei hamarren gutxiago.

“Aurreikuspenek diotenez, Txinako Gobernuaren estrategia ekonomiko berriarekin, “normaltasun berria” izenekoarekin, epe laburrean ez dira berreskuratuko esportazio datuak, estrategia berri horren arabera barne kontsumoa delako garapenaren muina” azaldu du aholkulariak. Baita ere esan du Txinan jada ez dagoela lan-eskua soberan eta fabrikazio kostua ez dela merkea, baizik eta “garesti samarra”.

Hona hemen Txinak 2015erako finkatu dituen mugarriak: finantza politika aktiboa, hiri-gune berrien sorkuntza eta hirugarren iraultza industriala, sektore industrial berrien –hala nola, manufaktura industria eta industria digitala- garapena bultzatzeko. Yang-ek urte honetarako aurreikuspenak azaldu ditu: BPG %7 haziko da, KPIa %3koa izango da, aktibo finkoetako inbertsioak %15 egingo du gora, esportazioak bikoiztu egingo dira %7ko hazkundea izateraino eta 10 milioi lanpostu berri sortuko dira.

Iran

Intergune2015 foroan Iranen inbertitzeko aukerak ere azaldu dira.  Afarinesh Sarmad-ek, Arhax aholkularitzako Europarako zuzendariak, Iranek bizi duen egoera azaldu du eta esan du %10eko langabezia-tasa eta %16ko inflazioa duela. Bere aberastasunaren erdia petrolio eta gasetik dator.

Sarmadek adierazi du atzerriko 400 konpainiak zuzenean inbertitzen dutela Iranen eta zonalde berezi bezala izendatutako guneetan “industriari aplikatzen zaizkion zerga-salbuespenak %80koak direla lau urtean”. Orobat esan du, gasaz eta petrolioaz aparte, automozioa dela bigarren industria garrantzitsuena eta 1,5 milioi auto ekoizten dituztela urtean.

Iranen kontrako zigorrak eteteko egin berri diren azken negoziazioei esker, nabarmen hobetuko da herrialdearen ekonomia. Enbargoak direla medio, moneta %80 debaluatu da, inflazioa %30 hazi da eta petrolio salmenta %50 jaitsi da. “Oraintsu lortutako akordioei esker, Iran prest dago berriro negozioak egiteko”, adierazi du Sarmad-ek.

Antoine Abbatuci-k, 5.000tik gora bezero dituen eta enpresentzako laguntza fiskaletan espezializaturik dagoen F. Iniciativas enpresako koordinatzaileak, enpresen nazioartekotzearen arloko zerga pizgarriak azaldu ditu.  Zerga pizgarri onenak Frantzian, Portugalen, Britainia Handia eta Italian daude.

“Frantziak du zerga pizgarrien sistema onenetako eta azkarrenetako bat”. Kenkaria I+G-ko gastuen %30ekoa da, enpresaren mozkinak gorabehera“ adierazi du. Konpainiak 100 milioitik gorako mozkinak dituenean bakarrik aplikatzen zaio %5eko kenkari fiskala. Abbatuci-k baita ere esan du Portugalek %32-82 bitarteko kenkariak eskaintzen dituela I+G-ko jardueretarako. Zenbat eta gastu handiagoa egin I+G-n orduan eta kenkari handiagoa aplikatzen zaio enpresari

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke