ES | EU


2014ko Urria 17


Urriaren 31n, BIME Pro topaketaren barruan, BIME Startup Summit jardunaldia egingo dute BEC!en, sorkuntza eta musika industriekin lotutako startup-ei zuzendutako lehiaketa. Guztira 20 proiektu aukeratuko dira, adituz, profesionalez eta inbertsiogilez osatutako panel baten aurrean aurkeztuko direnak. Izena emateko epea zabalik dago urriaren 14ra arte.


BIME Startup Summit lehiaketa 4 urte baino gutxiagoko enpresei zuzentzen zaie, batez ere musikaren industriarekin lotura dutenei eta baita ere oraindik sozietate gisa eratu ez diren baina enpresa berritzaile eta eskalagarri bat sortzeko potentziala duten proiektuei. BIME Pro jaialdiaren barruan sortutako ekimen horrek helburutzat dauka musika industriaren eta teknologia digitalen arloetako enpresa proiektu berriak sustatu eta saritzea.

Parte hartzeko epea zabalik egongo da urriaren 14ra arte. Adituz osatutako epaimahai batek 20 finalista hautatuko ditu, zeintzuek beren proiektuak aurkeztuko baitituzte BIME Pro azokan. Gainera, startup onenak 3.000 euroko saria eskuratuko du eta gainerakoek babesleek emandako beste sari batzuk jasoko dituzte. Lehiaketaren oinarrietan jasota daude epaimahaiak jarraituko dituen irizpideak proiektuak baloratzeko: izaera berritzailea, eskalagarritasuna eta nazioartean zabaltzeko potentziala, bideragarritasun teknikoa eta komertziala, proiektua osatzen duen lantaldea eta inbertsiogileen interesa pizteko gaitasuna.

BIME Startup Summit topaketa Barakaldoko BEC! eraikinean egingo da urriaren 31n. Hautatutako startup-en aurkezpenez gain, espazio bat egongo da ekintzaileek eta adituek hitzaldiak eman ditzaten, eta bertan izango dira, besteak beste, Xabier Uribe-Etxebarria, Sherpa enpresako zuzendari nagusia, Iker Sagasti, Irontec enpresako zuzendari nagusia eta Josh McNorton, NESTA berrikuntza agentzia britainiarreko proiektu arduraduna.

BIME Startup Summit ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Wayra, Telefónica-ko startup azeleragailuaren laguntza dauka. Lehiaketa BIME Pro programaren barruan kokatzen da, urriaren 29tik 31ra egingo den topaketan alegia, eta helburutzat dauka lankidetza-bide berriak esploratzea musika industriaren eta teknologia digitalen artean.