AZTIk Kanadatik Bilboko porturaino jitoan etorritako itsaslaster-profilatzaile baten sekretuak argitu ditu

2014ko Urria 06,


AZTI Institutuak, lotuta zegoen kabletik askatu eta Groenlandia eta Kanada arteko Davis itsasartetik Bilboko porturaino jitoan iritsi den itsaslaster-profilatzaile baten (itsaslasterren abiadura, tenperatura, gazitasuna eta beste parametro batzuk neurtzen ditu) datuak deskargatu ditu.


Aurkitu zutenean, instrumentua lanpernek eta beste molusku batzuek inbadituta zegoen. Garbitu ondoren, AZTIko ikertzaileek Integrated Observational Platforms (IOP) erakundearen itsaslaster-profilatzaile bat zela egiaztatu zuten. Ikerketa-talde hori Seattle hiriko (Estatu Batuak) Washingtoneko Unibertsitateari atxikita dago.

Goi-mailako teknologia darabilen ekipoa zen arren, Luis Cuesta AZTIko teknikariak ez zuen arazorik izan gordeta zeramatzan datuak ateratzeko, zentro teknologikoak itsaslasterrak aztertzeko erabiltzen dituen tresnen antzekoa baitzen.

Eskuratutako datuekin jakin ahal izan denez, itsaslaster-profilatzailea 2011ko urriaren 5ean itsasoratu zuten, Iparreko 67° 02,2′ eta Mendebaldeko 57° 02,1′ posizioan, Davis itsasartean. 690 metroko sakoneran ainguratutako tresna-lerro batean txertatuta zegoen. Kablean, neurgailu bat baino gehiago zeuden, tenperatura, gazitasuna, itsaslasterrak eta beste parametro batzuk neurtzeko. Aurkitutako profilatzailea 104 metroko sakoneran murgilduta zegoen, zehatz-mehatz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke