ES | EU


2014ko Abendua 03


Jon Bengoetxea 3D inprimagailuen fabrikazioan diharduen Tumaker start-up gipuzkoarreko zuzendari nagusia da.

Elkarrizketa honetan, fabrikazioaren industrian gertatzeko zorian dagoen iraultzaz eta errentagarritasuna ‘open’ filosofiarekin bateratzeko aukeraz hitz egin du.


Tumakerrek Basque Industry 4.0 delako topaketan parte hartu berri du. Zer da zuentzat berrikitan abiatu den laugarren industria-iraultza eta non kokatzen duzue zuen aukera-esparrua?

Sekulako aldaketa sozial eta ekonomikoak eragingo dituen zerbaitetaz hitz egiten ari gara; batzuek industria-iraultza deritzenaz. Horrek gisa honetako galderak planteatzen dizkigu: Zer gertatuko da edozeinek ia-ia edozer gauza ekoizteko aukera duenean, edozein lekutan eta behar duen edozein momentutan? Zer gertatuko da edozein personak behar duen energia sortzeko gaitasuna duenean? Bi galdera horiek elkartuz gero, ia-ia edozer gauza egiteko modua aldaraziko digun zeozer berri bistaratuko dugu. Testuinguru honetan, ezin konta ahala aukera zabalduko dira, baina aintzakotzat hartu beharko ditugu, halaber, horren gauza berritzaile eta disruptiboaren etorrerak eragingo dituen arrisku eta zalantza guztiak.

Anabasa horren erdian kokatzen dira Tumaker, eta berrikuntza, sormena eta ezagutza irekia mundua desafiatu eta aldatzeko modurik onena dela sinesten duten guztiak. Argi utzi nahi dugu 3D inprimaketarako teknologia eta 3D eskanerrak Euskadin garatu eta fabrikatzen ditugula. Honi esker, askoz ere jakite eta ezagutza sakonagoa eta baliotsuagoa dugu teknologiari buruz eta honen bidez egin daitekeen guztiari buruz, ezagutza eta esperientzia hori guztia gure bezeroengan islatuz. Horrek zerbitzu hobea eskaini eta balio erantsi handiagoa ematea ahalbidetzen digu, Txinako edo Asia aldeko fabrikatzaileei erositako kostu baxuko makinak saltzen dituzten enpresen aldean. Guretzat oso garrantzitsua da Tumaker herriko proiektua izatea eta Euskadi mundu osoko 3D inprimaketa pertsonalaren mapan jartzea, izaera propioaz jarri ere. Nola edo hala lortzen ari garela uste dugu.


3D inprimagailuen industria estu-estu lotuta dago maker mugimenduarekin, hardware librearekin, fabcafe-ekin eta oro har “open” filosofiarekin. Zeintzuk dira Tumakerren balioak mugimendu hauei dagokienez?

Tumaker open source mugimendutik sortua da, software eta hardware libretik, zehazkiago esanda. Gertu-gertutik ezagutze ditugu horren potentziala eta arriskuak. Baina argi daukagu erreferentzia izan nahi dugula, ezagutza librea baloratu eta horretan oinarritutako negozio bati eustearen zailtasunak ulertzen dituzten pertsonek gugana jotzea nahi dugula. Horrez gain, horientzako inspirazio-iturri bihurtuko bagina, planeta osoko pertsonarik zoriontsuenak izango ginateke. CERNek lizentzia libreaz garatutako produktuei babesa ematen dien hardware libreko lizentzia bat garatu du. Guk geuk, haiekin harremanetan jarri eta gure produktuak CERNen hardware libreko lizentziari atxikita plazaratzeko asmoa genuela jakinarazi genien. Proposamena interes handiz jaso dute, eta xehetasunak lantzen ari gara une honetan. Honek esan nahi du Tumaker produktuak libreak izango direla.

3D inprimaketan, kontraesan handiak ikusten dira, open, librea eta gisa horretako hitzak salmentarako argudiotzat erabili eta, aldi berean, software edo hardware librearen lizentziak sistematikoki urratzen dituzten produktuak erabili edo merkaturatzen dituzten pertsona eta enpresen artean. Txinako produktuekin eskandaluzkoa da. Beraz, kontu honetan, poseak askoz ere ugariagoak dira benetako usteak baino, eta ondorioz, guztion mesedetan produktuak libera ditzaketen enpresek ez dute halakorik egiten, eta defentsiban jarri ohi dira. Patente edo eredu itxien erabilera kritikatzen dugu, berrikuntza mugatzen duten heinean, baina ezin dugu jokatu lizentzia libreen arauak aintzat hartu gabe. Hala jokatzea kaltegarria da, berrikuntza mugatzen baitugu, ez patenteen gehiegizko erabilerarekin bezala, baina mugatu egiten dugu. Enpresa, kolektibo edo pertsona batek bere lana liberatzeak ez du esan nahi lan horretaz nahi duguna egin dezakegunik.


Nolako aplikazioak ematen ari zaizkie Tumakerren 3D inprimagailuei Euskadin gaur egun?

Egin dugun lehenengo gauza, teknologia sortu eta egokitzea izan da. Munduan gauzatzen ari den berrikuntza irekiarekiko zubia izan, eta zientzia, industria, hezkuntza eta are arte esparruetara egokitzea, kalitate, fidagarritasun eta zerbitzu irizpideetan oinarrituta. Horren emaitza dugu mundu osoko dena-batera gisako lehen 3D inprimagailu digitala, 1.200€ inguruko prezioa duena. Horren esan nahi du Tumaker Voladora V2 delakoak benetako 3D lan-guneak direla, orain arte inoiz lortu ez den software eta hardwarearen arteko integrazioari esker. Makina berean 3D inprimagailu bat eta ordenagailu bat integratuta edukitzea bezalakoa da. Saretik edota PC, tablet nahiz mugikor batetik gobernatzeko modukoak. Bestalde, sekulako prestazioak dituen neurri txikiko 3D eskaner bat sortu dugu. 1.400€ inguru balio du, baina 15 aldiz garestiagoak diren eskanerren bereizmen eta kalitate berbera eskaintzen du. Orain, gure ahalegina, enpresei teknologia hau txertatzen laguntzea da, bereziki begibistako balioa erants dezakeen prozesuetan. Bestetik, teknologia hau, erosketa eta amortizazio kostu handiengatik ustiatzerik izan ez duten enpresen esku jartzea. Eta azkenik, fabrikazio digitalaren aplikazio berriak aurkitzea.

Azken hau zirraratzeko modukoa da erabat: industria arloko enpresak gure makinak erabiltzen ari dira tresnak sortzeko; artistek beren lanak eskaneatzen dituzte, gure inprimagailuarekin berregiteko moduko eredu digitalak eratu eta zenbait galdaketa-teknikaren bitartez metalezko erreplikak sortzeko; gaztandegiak gure makinaz baliatzen dira identifikazio-elementuak eta moldeak sortzeko; txakurrentzako neurrira egindako protesiak egiten dituzten profesionalek edota komunikazio-agentziek gure teknologia erabiltzen dute kanpaina bitxiagoak eta inpaktu handiagokoak antolatzeko. Adibide batzuk emateak dakarren gauzarik txarrena, beste batzuk kanpoan uztea da.


Epe ertainera begira, zeintzuk dira enpresa arakatzen ari den etorkizuneko garapen-bideak edo aplikazio-sektoreak?

Gure garapeneko bide-orrian, gehikuntza arloko hobekuntza asko dauzkagu, eta hobekuntza erradikalen bat edo beste. Baina irekita dauzkagun garapen-bideen artean, ilusio handia ematen digu enpresen beharrizanetara egokitutako materialen garapenak. Bestela esanda, gure bezeroak ez dira profitatuko bakarrik Tumakerren fabrikazio digitaleko teknologiaz, baizik eta beren produktuak garatzeko ezaugarri espezifikoez hornitutako makina eta material espezifikoak egokitu eta sortzeko aukera izango dute. Bide hau, polimeroen garapenean espezializatuta dagoen Leartiker Markinako zentro teknologikoarekiko hitzarmen bati esker lantzen ari gara dagoeneko. MyMat deritzon proiektu honen bitartez, zenbait esperientzia positibo izan ditugu dagoeneko, eta gure inguruneko industriarentzat balio handi-handikoa izan daitekeen ustean, esperientzia horiek ezagutarazi eta finkatu nahi genituzke.

Bestalde, hezkuntza sektorea ere etorkizuneko apustua dugu. Tumaker Ikaslab proiektuak Lanbide-Heziketako ikasletxeetan eta unibertsitateetan fabrikazio digitaleko esparruak sortzea proposatzen du. Esparru horietan, Maker kultura oinarritik garatu eta landu ahal izango da, gazteekin batera. Helburua, gazte horiek fabrikazio digitalarekin eta pertsonalarekin naturaltasunez trebatzea da, eta horrela, lan-munduan sartzen direnean, fabrikazio-teknologietan super gaitutako eta berrikuntza potentzial handiko pertsonak izango ditugu. 2014an, ia 15 Tumaker Ikaslab esparru sortu ziren Euskadiko lanbide-heziketako ikastetxerik garrantzitsuenetan. Errenteriako Don Bosco institutua izan zen aitzindaria, eta ondoren, Eibarko Armeria Eskola, Irungo Bidasoa ikastetxea eta Elgoibarko IMH gehitu zitzazkien, besteak beste. 2015ean, sare hau Mondragon Unibertsitatearen lankidetzaz handitu eta gure mugetatik harantzago jotzea espero dugu, Frantzia hegoaldean eta are Indian gauzatzeko moduko hezkuntza arloko balizko proiektu baten laguntzaz.