EAEko 2.200 negozio txikik SPRIren doako aholkularitza jaso dute Teknologia Berriak ezartzeko

2014ko Azaroa 28,

imagen spri TEICS

Autonomo eta mikroenpresentzako Inplantalari programaren bidez 21.600 IKT konponbide ezarri dira

www.spri.eus webean dago “Inplantari” programari edo mikroenpresentzako IKT Konponbideak erabiltzeko doako aholkularitza zerbitzuari buruzko informazioa guztia.





Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du “Euskadiko autonomo eta mikroETEentzako IKT Konponbideen Inplantari” programa Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko SPRI-Enpresen Garapenerako Agentziaren bitartez. EAEko 2.220dik gora negozio txikik parte hartu dute programan, Informazio eta Komunikazio Teknologiak beren negozioetan txertatzeko eta, bide horretatik, lehiakorrago izateko. Spriren web orriko (www.spri.eus)  LAGUNTZAK/ Mikroenpresa Digital@-ean dago “Inplantari” programari edo mikroenpresentzako IKT Konponbideak erabiltzeko doako aholkularitza zerbitzuari buruzko informazio guztia. Gainera, IKT Konponbideen Katalogoaren azken bertsioa eskuratu daiteke, eta zerbitzu eskaera egiteko bete behar den izen-emate inprimakia ere bai.

Ekimen honi esker “Inplantari” baten doako aholkularitza teknologikoa jaso duten negozioek  (edozein jarduera sektoretako autonomoek eta 10 langile baino gutxiago dituzten mikroETEek) probetxua atera diete IKTei. Hala, programako parte-hartzaileek kudeaketa tresnak erabiltzen eta negozioan txertatzen ikasi dute produktu eta zerbitzuak sustatzeko eta bezero gehiago lortzeko, denbora eta kostuak aurreztu dituzte eguneroko tramiteetan beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestuz, negozioaren irudia eta bezeroarekiko harremana hobetu dute eta kudeaketa eraginkorragoa lortu dute zerbitzua  arinduz.

Orain arte 21.600tik gora konponbide ezarri dira, batez beste 10 negozio bakoitzeko; 2.098tik gora negoziok beren profil profesionalak dinamizatu dituzte sare sozialetan eta 1.384 baino gehiagok web atari bat sortu dute edo lehendik zutena hobetu dute.

Hain zuzen ere, negozio gehienek -%75ak- ekimen honetan parte hartzen dute bezeroak leialtzeko, %72k denbora eta kostuak aurrezteko, %69k negozioa modernizatzeko eta %56k  negozioa sustatzeko.

Zerbitzua pertsonalizatua izatea da parte-hartzaileek ongien baloratzen duten alderdia; izan ere, aholkulari teknologiko neutral bat negoziora joaten da eta beren premiei ongien egokituriko tresnak instalatzen eta erabiltzen laguntzen die. Gainera, zerbitzua doakoa da.

Negozio bakoitzak bere premiei ongien egokituriko zerbitzua eskatu dezake ekimenak eskaintzen dituen bi zerbitzuen artean: aholkularitza indibiduala edo kolektibo murriztuentzako aholkularitza.

Taldekako ezarpenaren edo ezarpen kolektiboaren bidez IKT konponbide multzo bat ezartzen da negozio talde oso txiki batean, baldin eta interes eta premia teknologiko berberak badituzte. Modalitate honen indarguneak dira taldean lan egin ahal izatea eta esperientziak partekatzea denen profil eta helburuei egokitutako edukiekin. Oraingoz 2/3 orduko 150 lan saio egin dira, besteak beste, Bermeo, Ondarroa, Barakaldo, Eibar, Sodupe, Gernika, Ermua, Orduña eta Trapagaranen eta hiru euskal hiriburuetan.

Web horretan argitaratzen da baita ere mikroenpresentzat bereziki programatutako IKTen erabilpenerako prestakuntza ikastaroen agenda.

Laguntzarako wikia ere badago, parte-hartzaileak bakarrik egon ez daitezen. Onlineko zerbitzu bat dute kontsultarako eta zalantzak argitzeko E-kontsulta orrian (www.ekontsulta.net), info@spri.eus helbidean edo telefonoz 902 702 142 zenbakian.

 

 

Lortutako onurak

Mapa birtualak, QR kodeak, sare sozialak, bezeroei mailing edo sms mezuak bidaltzeko sistemak, onlineko publizitatea, dokumentuak partekatzeko Interneteko espazioak, txanden kudeaketa, kudeaketa integratudun TPV, eta abar. Asko dira negozio batean txertatu eta erabil daitezkeen konponbideak eta onura ukigarriak sortzen dituzte mikroETEentzat: parte-hartzaileen %70ak marka irudia hobetu du eta %48ak bezero gehiago lortu ditu. Kasuen %38an bezero horiek webeko posizionamendu eta sustapen kanal berrietatik datoz, eta hala, bitik batek balizko bezeroen bisita gehiago jaso dituela esan liteke. Parte-hartzaileen %30aren iritziz, ahaleginak merezi izan du, bezeroak zerbitzuarekin gusturago daudelako, eta hala, gehiago saldu dutelako.

Emaitza horiek oso positiboak dira eta kontraesankorrak aldi berean Telefónica Fundazioaren “Informazio Gizartea 2013 Txostenak” bildutako datuekin. Azterlan horrek dio 10 langile baino gutxiago dituzten enpresen %78,8k bakarrik daukala Internet konexioa, eta %43,2k bakarrik daukala webgune propioa. Dena den, egileek ohartarazi dute azken adierazle hori nabarmen hazi dela azken urtean. Aipatzekoa da inplantariaren bisita jaso duten 2.015 negozioetatik %68k web orri bat egiteari edo zutena hobetzeari buruzko aholkularitza jaso dutela edo web orria ezarri zaiela.

Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk beren konpromisoari eutsiz, negozio txikien lehiakortasuna hobetu nahi dute IKTen bidez, eta horregatik, zabalik dago ekimen honetan parte hartzeko epea.

Informazio gehiago lortzeko eta izena emateko, zoaz Spriren web orriko (www.spri.eus)  LAGUNTZAK/ Mikroenpresa Digital@ / IKT konponbideen ezarpena autonomo eta mikroenpresentzat/ atalera, eta Tramiteak erlaitzean aurkituko duzu programarako eskaera betetzeko zuzeneko sarbidea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke