ES | EU


2016ko Uztaila 08


Tailerraren helburua da ekintzailetzarako gaitasunak piztea teknologia irekien bidez.

 

“Ekintzaileak ez dira bat-batean sortzen 30 urte betetakoan; horrelako gaitasunak pixkanaka sustatu behar dira”, azaldu du Eunate Ramírezek, ESLEko kudeatzaileak, “gure asmoa da gazteengan berezkoak diren gaitasunak eta trebetasunak garatzea”. Helburu horrekin bultzatu du Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak Sormenaren eta Teknologiaren Hiri Campusa. 9 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailer bat da, eta uztailaren 18tik 22ra egingo da Errekaldeko AuzoFactory eraikinean, Bilboko Udalaren laguntzarekin.

 

Campusean parte-hartzaileek hainbat trebetasun -hala nola talentua, taldeko lana, sormena eta komunikazioa- indartuko dituzte dinamika praktikoen bidez, eta kode irekiko software eta hardware tresnak erabiliko dituzte. “Beren sormena indartzen eta talentuak deskubritzen lagundu nahi diegu” adierazi du Eunate Ramírezek.

 

Design thinking metodologia aplikatuko da, eta Lego Serious Play erabiliko da parte-hartzaileei gehien interesatzen zaizkien gaietan oinarritutako erronkak identifikatzeko, konponbideak planteatzeko eta prototipoak sortzeko. Komunikazio arloa ere landu ahal izateko, lantaldeak ezusteko bat prestatu du campusaren amaiera ekitaldirako, non neska-mutilek beren proiektuak azaldu beharko dituzten. Prozesu osoan zehar robotikarekin, dronekin eta 3D inprimaketarekin lotutako dinamikak egingo dituzte, horrelako teknologiek eskaintzen dituzten aukerak modu dibertigarri batean deskubritzeko.

 

ESLEk gazteentzat antolatu duen lehen campusa da, eta elkarteak martxan jarri dituen estrategietako baten barruan dago, zeinaren xedea baita teknologia irekiekin lotutako balioa sortzea Errekalde auzoan. Erakundea urtearen hasieran joan zen Errekaldeko AuzoFactoryra, bertan kokatu duelarik bere egoitza soziala. Sei hilabeteotan berrikuntza arteko jarduerak ere bultzatu ditu, topaketak antolatuz software libreko eta sektore industrialetako enpresentzat. Espazio bat ere badute ekintzaile berriek beren proiektuak garatu ditzaten AuzoFactory eraikinean.