Bi programa jarriko dira martxan apirila eta maiatza bitartean: Ekintzaile (1,75 milioi euro industri arloko enpresa proiektu berritzaile berrientzat) eta MiniConnect (0,8 milioi euro hazkunde potentzial handia duten proiektuak azkartzeko)

2014ko Apirila 08,


Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Ekintzailetzarako Erakunde Arteko Planaren barruan abiatuak dituen ekimenetako bi dira.


Euskadiko ekintzaileek SPRIren bi programa baliatu ahal izango dituzte apirilean eta maiatzaren hasieran. Lehenak, Ekintzaile programak, 1,75 milioi euroko zuzkidura izango du aurten finantza arloko laguntza emateko sektore industrialeko edo harekin lotutako zerbitzuetako enpresa-proiektu berritzaileei (software aurreratuaren garapena, bio-medikuntza, bio-zientziak, nano eta mikro-teknologia, hizkeraren teknologia, energia garbiak eta berriztagarriak, e.a.), bai negozio ideiaren umotze fasean, bai negozioa martxan jartzeko. Bigarren programa MiniConnect deitzen da, 0,8 milioi euroko zuzkidura du eta hazkunde ahalmen handiko enpresa-proiektu gazteak azkartzea du helburu. Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnean sartuko dira indarrean, Ekintzaile programa apirilean eta MiniConnect maiatzaren hasieran. Eskaerak www.spri.eus webgunean egin ahalko dira.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Ekintzailetzarako Erakunde Arteko Planaren barruan abiatuak dituen ekimenetako bi dira. Bi programak bereziki pentsatuta daude oinarri berritzaile edota teknologikoko enpresei laguntzeko, balio erantsia ematen diotelako Euskadiko ekonomiari, ezagutza sortzen dutelako eta beren emaitzek aberastu egiten dutelako merkaturanzko teknologia eta berrikuntza transferentzia. Horretarako, beste tresna batzuez gain, laguntzaile izango dituzte EBZ–Enpresa eta Berrikuntza Zentroak: BIC Berrilan eta Saiolan Gipuzkoan, BEAZ eta CEDEMI Bizkaian eta CEIA Araban.

 

Ekintzaile programa:  1,75 milioi euro.

Ekintzaile programaren helburua da enpresa-ideiei umotzen laguntzea enpresa eta berrikuntza zentroetan, eta ideia bat enpresa bilakatzen bada laguntza ematea maileguak baldintza onetan eskuratu ditzan.  Laguntza eskaerak EBZn bitartez aurkeztuko dira, eta EBZk banatuko dituzte eskaera formularioak.

Programa honetan bi laguntza mota daude: Laguntza eta finantzaketa.

a)   Laguntza: Industria sektoreko edo hari lotutako zerbitzuetako enpresa-ideia berritzaile edo teknologiko bati umotzen laguntzea gehienez 18 hilabetez. Laguntza ematen diote pertsona edo talde sustatzaileari ideiaren umotze prozesuan eta Enpresa Plana egitean, harik eta enpresa  martxan jartzen den arte.

Onuradun izan daitezke pertsona fisiko eta juridikoak, baldin industriaren edo industriari lotutako zerbitzuen sektoreko enpresa proiektu berritzaile bat badute.

Laguntzaren zenbatekoa gastu subentzionagarrien %100erainokoa izango da, 30.000 euroko mugarekin eta fondo galdura.

b)   Finantzaketa: Ideiaren umotze fasea negozio plan bideragarri batekin amaitzen bada eta enpresa (ETE) berri bat sortzen bada, enpresa horrek finantzaketa lortu ahal izango du, beti ere bere sorrera-data  laguntza eskaera egin den urtearen aurreko urtea bada -beranduen jota-.  Asmoa da murriztu egitea “Luzaro, Kredituko Finantza Establezimendua”rekin sinatuko den hitzarmenean formalizatutako mailegu operazioen finantza kostua.

Onuradun izan daitezke hiru urtean gutxienez hiru enplegu sortzeko aukera emango duen Enpresa Plan bat egiteko konpromisoa hartzen duten pertsona juridikoak.

Finantzaketa eskuratzeko laguntzak inbertsioaren %70erainoko mailegu operazioen bitartez gauzatuko dira; zenbatekoa 40.000-180.000 euro bitartekoa izango da, sei hilabeteko Euribor interes-tasarekin gehi %1,25, bermerik gabe eta zazpi urteko amortizazio epearekin (bi urteko gabezia).  Kasu honetan, inbertsioak kapital ekarpenekin ko-finantzatu beharko dira eta sustatzaileek kapital horretatik  gutxienez %30  izenpetu eta ordaindu beharko dute.

2014an programa honek guztira 1,75 milioi euroko aurrekontua izango du eta indarrean egongo da 2017ko abenduaren 31ra arte, baldin  Sozietatearen urteko aurrekontuetan horretarako partida bat mantentzen bada.

MiniConnect programa: 0,8 milioi euro.

Programa honen helburua da laguntza ematea industri enpresek garatutako enpresa proiektu gazteei, hazkunde potentzial handia eta azkar garatzeko beharra dutenei. Sei urtetik beherako enpresa berritzaile edo teknologikoei zuzenduta dago, enpresa horiek inbertsio eta laguntza espezializatuagoak behar baitituzte hazkunde potentzial handia dutelako eta nazioarteko ezarpen proiektu bat dutelako. Onartutako gastuen %100 lagunduko da, eta goitik jota 100.000 euroko laguntza emango da 3 urtean fondo galdura. Baldintza gisa, enpresako gastu orokorren %5 I+G-ra bideratu behar da eta 10 lanpostu berri sortu behar dira.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke